Reggae musika ardatz duen jaialdia antolatu du Legorretako Gazte Asanbladak. Bihar 22:00etan hasiko da jaialdia, kiroldegian. Lion D italiarrak joko du, baita Sista Carmenek eta beste lau taldek ere.
Goi mailako reggae-musika jaialdia antolatu du, biharko, Legorretako Gazte Asanbladak. Euskal Herriko arloko talde onentsuenak ekarriko dituzte, baina baita Europan sona handia duten artistak ere. Legoreggae jaialdia bihar 22:00etan hasiko da, Harripila kiroldegian. Sarrera 7 euro da, eta disko bat oparituko dute harekin.
Sei taldek osatzen dute karteldegia. Entzutetsuena Lion D italiarra da. «Europako reggae eszenan punta-puntan dagoen musikaria da. Mundu guztian ari da bere musika zabaltzen», azaldu dute antolatzaileek.
Sista Carmen da beste izen goren bat. Extremadurakoa (Espainia) jaiotzez, Pragan (Txekia) bizi da aspaldian. «Sekulako indarra eta ahotsa du agertokian. United Flavour talde ezaguneko abeslaria da».
Ska eta sound systema
Reggaearen aldaera batzuk ere entzuteko modua emango du Legoreggaek. Kataluniako Xeic! taldeak ska doinuak joko ditu, «erritmo bizi eta letra borrokalariekin». Game Over Selectors herkideek sound system estiloa plazaratuko dute, «jamaikar erritmoz aretoa berotzeko».
Iruñeko Jarel Babel taldearen erritmo nahasketak eta Revolutionary Brothersek bere azken diskoko ekarpenekin osatuko dute jaialdia, Euskal Herrian dagoen maila erakusteko.
Bihar, 19:00etatik aurrera, Mulanbo batukada ibiliko da Legorretako kaleetan, girotzen.
Legoreggaeren lehen edizioa iaz egin zuten. Ernemuina 2013ko Gazte Festetan du, hala ere, orduko kontzertu batean.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.