Haritz Mujikak irabazi du Osinalden, eta Araiztegik bota du bertso onena
Lehenengo partaidetzan, sari nagusia eraman du asteasuarrak. Unai Mendizabal izan da entzuleen gustukoena, saio hasiera borobila eginda. Bertso giro betea, beste behin«Hauxe da irabazlea», bota zuen epaile batek, Haritz Mujikak kartzelakoan binaka be...
Lehenengo partaidetzan, sari nagusia eraman du asteasuarrak. Unai Mendizabal izan da entzuleen gustukoena, saio hasiera borobila eginda. Bertso giro betea, beste behin
«Hauxe da irabazlea», bota zuen epaile batek, Haritz Mujikak kartzelakoan binaka bere bertsoaldia bukatu zuenean. Osinalde 45. Bertso Sariketaren saioa bukaerara gerturatua zen, eta ordu arte entzundakoek halaxe erakusten zuten: asteasuar gazteak irabazi du Gabiriako sari ospetsua.Aztiriko saioan igaro zen finalera. Saio erregularra egin zuen larunbat gauean, Osinalden. Aurreratu ahala hobera nabarmendu zen. Bakarkako lanak bikain osatu zituen, eta hutsik egin gabe eraman zituen ofizioetakoak. Lehen partaidetza zuen Osinalden, eta sari nagusia jaso du debutean.
«Oso gustura aritu naiz. Saioa ona atera da. Ondo borobildu dut, eta pozik noa etxera», zioen, saioa bukatutakoan. Lehen aldiz izan zen Osinalden, baina bazekien haren oihartzunaren berri: «Bertso eskolako Mikel Artolak ere hemen irabazi zuen, finalean sartutako lagunak ere baziren. Eta Osinalde, BECen pare ez dut esango, baina goian jartzen zuten. Egia esan horixe frogatu dut. Hurrengoari ere hori esango diot: etortzeko, sariak eta postuak ahazteko, eta gozatzeko».
Unai Mendizabal zizurkildarrak, berriz, entzuleen saria eraman zuen. Mujikaren kontrako bidea egin zuen hark: oso goitik hasi zen, maila gorena emanez zortziko handiko eta txikiko ariketetan. Arrazoi sakonak eta umore kolpe zorrotzak eskaini zituen, aukera zuen bakoitzean. Baina erditik aurrera beherantz egin zuen. Bigarren geratu zen.
Bertso onena, Araiztegik
Sei bertsolari gazteen artean bi goierritarrak ziren, larunbat gauean, Osinalden kantari. Maialen Akizu urretxuar-gabiriarra eta Eneko Araiztegi segurarra. Txukun aritu zen Akizu, baina beste lehiaketa batzuetan baino «hotzago eta lotuago» sentitu zuen bere burua. «Hasieran patal samar hasi naiz, hanka okerrean, eta ezin izan diot buelta eman».
Araiztegiri bertso onenaren saria eman zioten. Bertsoak zuzen osatuz gidatu zuen saio osoa, eta tarteka printza ederrak utzi zituen. Kartzelako binakako gaia «Zuen haurtzaroari buruz ari zarete» zuten, eta «ta ez nintzen klaseko soltero bakarra» bukatu zuen bertsoa saritu zioten, aurretik izan zuen gai bati lotuta.
Jon Gurrutxaga azpeitiarrak bigarren aldiz kantatu du Osinalden; eskerrak eman zizkien entzuleei, «habia» egiten uzteagatik. Maider Arregi oñatiarrak lehen aldia zuen. Jokin Muruak aurkeztu zuen saioa. Epaile Mikel Mendizabal, Nikolas Zeberio, Eresti Oiarbide, Gorka Maiz eta Endika Igartzabal aritu ziren.
Ohi bezala, Osinalde elkartea mukuru bete zen bertso sariketaren aitzakiarekin. Afaltzen 123 lagun izan ziren, eta entzutera askoz gehiago sartu ziren. Errifaren zozketan, honako zenbakiek jasoko dituzte lehenengo, bigarren eta hirugarren sariak —otordu bana—: 736, 17 eta 1.