Santanazaleen eguna da gaur
Santa Ana eguna ospatu dute ordiziarrek, prozesio eta guzti. Azkeneko urtean ezkondutako bederatzi bikotek parte hartuko dute gaurko esku-dantzan
Herriko zaindariaren eguna izan zen atzo Ordizian, Santa Ana eguna hain zuzen ere. 11:00etan, herritar ugari eta hainbat udal agintari bildu ziren parrokian, meza nagusian. Ondoren, Irungo Udal Musika Bandaren laguntzarekin, prozesioan atera zuten Santa Ana, herrigune historikoan zehar. Agintarien soka-dantza Agintarien soka-dantza egin zuten jarraian Plaza Nagusian. Jose Miguel Santamaria alkateak eta udal korporazioa osatzen duten zinegotziek egin zuten dantzan, plazan bildutako herritarren aurrean. Hilabete pasa dute udal agintariek Jesus Mari Garate dantza maisuaren gidaritzapean, egun horretarako koreografiak prestatzen. Batzuk besteak baino abilago, baina animatu ziren dantzan. Desafioak, Alpargata, Arin-arina, Fandangoa eta beste hainbat dantza egin zituzten. Soka-dantzan, zinegotzi bakoitzak bikote bezala herritar bat ateratzen du plazara eta horiei dantzatzen diete. Sinbolismo handia du horrek: euren zerbitzura daudela adierazten diete soka-dantzarekin. Santanazaleen eguna Gaur, berriz, Santanazaleen eta kuadrillen eguna da. Azken egun honekin amaituko dituzte ordiziarrek aurtengo Santa Ana jaiak. 1.509tik egiten da Ordizian Santanazaleen ohiko esku-dantza. Azkeneko urtean ezkondu diren bederatzi bikotek parte hartuko dute. Asko eta asko sekula dantzarik egin ez duten pertsonak dira, baina uztaila hasieratik aritu dira entseguak egiten gaurko egunerako dantzak ikasi eta guztia ongi ateratzeko. Partehartzaileei dagokienez, aurreskua Mikel Mendizabal izango da eta atzeskua, Iñigo Aierbe. Lehenengo dama berriz, Alazne Dorronsoro eta bigarrena Elixabete Aierbe. Udaletxean, 09:30ean bilduko dira neskak mantilak ongi jarri eta plazara dotore ateratzeko. Udaletxeko liburuan ere sinatuko dute parte-hartzaile guztiek. Ondoren, sokan, udaletxetik elizara joango dira eta meza ondoren plazara bueltatuko dira ohiko soka-dantza dantzatzera. Egitaraua Gaur
- 10:00. Goiz-eresia Ordiziako txistulariekin.
- 11:00. Santanazaleen meza, parrokian.
- 12:00. Santanazaleen ohiko esku-dantza, Plaza Nagusian.
- 13:00. Kuadrillen irteera.
- 18:00. VIII. bigantxa-futbol txapelketa, Idoiaga plazan.
- 21:00. Kalejira Beti Argi bandarekin.
- 23:30-02:00. Disko-parranda, Domingo Unanue plazan: Zuk aukeratzen duzu abestia.
- 00:00-03:00. Jamaica Show taldeak girotutako dantzaldia, Plaza Nagusian.
- 00:00-03:00. Ezkonduen eguneko dantzaldia Azabache taldearekin, Garagartza plazan.
- Gauean. DJa egongo da gaua girotzen txosnetan.