Iaz baino askoz ere parte hartze handiagoa izango du taldekako erlujupeko probak. Txirrindulari ohia «oso pozik» dago Txapel Gorrik egiten dion omenaldiarekin
Datorren igandean Marino Lejarreta klasikoa egingo dute Ordizian, bigarren urtez, Txapel Gorri Elkarteak antolatuta. Atzo eguerdian aurkeztu zuten txirrindulari ohiaren omenez antolatu duten proba. Agerraldian izan zen Marino Lejarreta bera, Ordiziako alkatea Jose Miguel Santamaria eta Txapel Gorri Elkarteko Jose Luis Sanz eta Alberto Gonzalezekin batera.
Joan den urtean proban parte hartu zuten talde kopuruarekin «oso pozik» agertu ziren Marino Lejarreta oroimenekoaren antolakuntzakoak eta aurten «zoramena» izan dela adierazi zuten. Iaz 29 taldek parte hartu zuten, aurten, berriz, 67k eman dute izena. Oraindik talde gehiagok parte hartu nahi izan dute, baina antolakuntzak ezezkoa eman behar izan diete talde bati baino gehiagori. Proban 67 talde izango dira beraz, eta bosna lagun bakoitzean. Taldekako erlojupekoa izango da. Guztira 33 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute inguratzen diren txirrindulari eta txirrindulari ohiek. Lehenengo taldea 10:00etan aterako da irteera puntutik, Jose Miguel Barandiaran plazatik hain zuzen. Goierriko hainbat herritatik pasako dira eta tartean Larraizko gaina ere izango dute.
Sari banaketa 13:30ean izango dela aurreikusten du antolakuntzak. Ondoren, klasikoan parte hartutakoek eta gonbidatuek bazkaria egingo dute pilotalekuan.
Txirrindularitzaren izarra
Berrizko txirrindulariak 1979an hasi zuen bere ibilbide profesionala Novostil-Helios taldean eta 1992an erretiratu zen ONCE taldeko txirrindulari zela. Txirrindularitza profesionalean 13 urte igaro zituen. Talde ugaritatik pasa zen eta momentu politak oparitu txirrindularitza maite dutenei. Bizikleta izan da. hain zuen, Ordiziarekin zubia. Izan ere, Santiago egunean jokatu ohi den Ordiziako klasika hiru aldiz irabazi du Marinok. «Oso pozik» dago Marino Lejarreta Txapel Gorrik egiten dion omenaldi honekin.
Marino Lejarretaz gain, 1980 eta 1990eko hamarkadetako beste hainbat txirrindulari ezagun gerturatuko dira Ordiziara. Jose Luis Sanzek adierazi bezala «Miguel Indurain, Abraham Olano, Joseba Beloki, Pedro Ruiz Cabestany eta beste hainbat figura etorriko dira igande honetan».
Trafikoan aldaketak
Igande honetan egingo den Marino Lejarretaren omenezko probak eragina izango du Ordiziako trafikoan goiz osoan. Batetik, zirkulazioa itxita egongo da 09:00etatik 14:00etara ondoko kaleetara sartu nahiz irteteko: Nagusia, Andra Mari, Elkano, Goen, Done Petri Etxezarreta, Legazpi eta Goitia. Plaza Nagusia ere itxita egongo da. Larrialdiren bat sortuz gero, Udaltzaingora deitu behar da, 943 80 56 16 telefono zenbakira. Ordiziako Udalak edozein arazoren aurrean «neurriak aldez aurretik hartzea» eskatzen du.
Beste alde batetik, Beasaingo noranzko autobusa ez da erdigunean geratuko. Urdaneta kaleko 72 zenbakiaren parean dagoen geltokia egongo da erabilgarri. Zaldibiako noranzko zerbitzua ,berriz, normaltasunez arituko da igande osoan.