Eguberriko menuak osatzeko aparteko aukera dago, bertakoak eta gure-gureak diren produktuetan. Kardoa edo errezil sagarra dira horien artean. Lehenengo kardoak, Mutiloakoak.
Donostian San Tomas eta han pasa zuten eguna Ordiziako ohiko saltzaile batzuk, hutsune nabarmena utziz plazara sartu eta ezker gunean. Halere produktu eskasiarik ez zen. Azpimarratzekoa kardoa, lehenengoak Juanita Murgiondo Mutiloako Agirietakoak ekarriak. Errezil sagar ederrenak ere atera zituzten, 6 euroan kiloa handienak. Garesti dirudien arren, argi dago egun hauetan diru gehixeago emateko prest gaudela. On-ddoak, 40 kilo Zamoratik ekarriak, inoizko preziorik garestienarekin atzo, 45 euro kiloa. Esnegorriak ez du hemen halako estimaziorik eta asteroko salneurrian zen 12-20 euroan kiloa.
Mañuekoren gutiziak
Gabon otorduei eman nahi izaten diegu ikutu berezia eta hala aitortzen zigun Joxe Mari Mañuekok. 13 urte daramatza Ordiziara etortzen; txarkuteria, hemengo eta kanpoko gaztak, lekaleak, zerealak…eskaintzen ditu. Orain dela 6 hilabete aldatu zen tokiz, Goen plazatik Plaza Nagusira, fruta saltzaileen artera (goikaldean, udalari bizkarra emanez ezkerrean).«Postu berria ote den galdezka etortzen zait jendea; orain arteko txoko hartara joateko ohitura ez duen jende asko dabil ferian» zioen. Salmentei dagokionez. «bai, garai honetan aparteko txarkuteria saltzen da, bereziki Bellota edota Iberikoa aukeratzen du beze-roak, ohikoa baino garestigoa eta kalitate hobekoa, finagoa, selektoagoa».
Plazako sukaldean, berriz, Juanjo Martinez de Rituerto sukaldariak txistor buinueloak prestatu eta eskaini ditu, San Tomasen marka.
Arkumeak aste honetan ere etxez etxeko bilketan joan zen asteko prezio bera du, 4,80 euro gehi BEZ. Iaz prezio berean zen garai honetan; aldiz 2014an 5,20 gehi BEZ izan zuen Eguberri garaian. Artzaintzaren norabidean zer pentsa ematen duen datua, kontsumitzaile orok aintzakotzat hartu beharko genukeena.