Loiolako herri harresiaren auzia «muntaia» dela uste du Beñat Hach Embarekek
Duela bi urte atxilotu zituzten Hach Embarek eta beste lagun bat Loiolako herri harresian. Haien kontrako epaiketa hilaren 26an hasiko da; 3 urteko kartzela zigorra eskatu du akusazioakLoiolan 2014an egindako 'herri harresian' parte hartutako bi lagun,...
Duela bi urte atxilotu zituzten Hach Embarek eta beste lagun bat Loiolako herri harresian. Haien kontrako epaiketa hilaren 26an hasiko da; 3 urteko kartzela zigorra eskatu du akusazioak
Loiolan 2014an egindako ‘herri harresian’ parte hartutako bi lagun, Beñat Hach Embarek ormaiztegiarra eta Esteban Orbegozo azpeitiarra epaituko ditu Donostiako Lurralde Auzitegiak. Akusazio partikularrak 21.292 euroko kalte ordaina eta hiruna urteko kartzela zigorra eskatu du bientzat, desobedientzia eta autoritatearen aurkako atentatua leporatuta. Fiskaltzak, berriz, 8 hilabeteko zigorra eskatu du, desobedientzia eta erresistentzia delituengatik. Hilaren 26an hasiko da epaiketa.Gertaerak izan ziren tokian, Loiolako basilikaren atarian, bildu ziren atzo bi auzipetuak, Eleak eta Libre mugimenduko kideek eta hainbat herritarrek lagunduta. 2014ko protestetan parte hartzen ari zirela Ertzaintzak nola atxilotu zituen gogorarazi dute. «Ertzaintza herri harresia desegiten ari zela, ertzain bat erori egin zen eta ospitalera eraman zuten. Ertzaintzak gu biok atxilotzea erabaki zuen, autoritatearen aurkako atentatua leporatuta. Baina ordura arte ez genuen kontaktu fisikorik ere izan ertzainekin». Auzipetuen arabera, ospitalera eraman zuten ertzainaren testigantza entzun eta harresiko irudiak ikusi ondoren, «halakorik ez zela gertatu» ohartu ziren, eta komisaldegian bertan, kargu hori kendu egingo zietela esan zieten. Gerora, ordea, ertzainak «testigantza aldatu» egin zuela azaldu dute. «Bigarren lekukotzan esan zuen kolpatu egin genuela, eta bere lesioak horren ondorio zirela». Hala, Ertzaintza epaiketara akusazio partikular moduan aurkeztu dela jakinarazi dute, autoritatearen aurkako atentatuta eta desobedientzia leporatuz.
Loiolakoa «erresistentzia baketsua» izan zela gogorarazi du Beñat Hach Embarek ormaiztegiarrak eta Ertzaintzak jendea «bortizki» atera zuela herri harresitik. «Harresian ziren beste lagun guztiak bezala, besoekin gure alboetan genituenei eustera mugatu ginen gu».
Akusazioaren eskaerak ikusita «kartzelara joateko arriskua» dutela azaldu du Hach Embarekek, eta horren atzetik dagoen «muntaia poliziala» salatu du. «Eskerrak dena grabatuta dagoen eta frogak ditugun, bestela gure hitza beraienaren aurka izango litzateke». Horrelako egoerek «barrua nahastu» egiten badute ere, «lasai» daudela dio. «Egon behar genuen lekuan geunden, eskubide zibil eta politikoen urraketa bat salatzeko, eta orain ere, gure eskubide zibil eta politikoak defendatzera joango gara».
Protestak deitu dituzte
Epaiketa salatzeko eta «eskubide zibil eta politikoen defentsan», hainbat protesta deitu dituzte datorren asterako. Asteartean,Ormaiztegin elkarretara- tzea egingo dute, 19:00etan. Ostegunean, berriz, Donostiako epaitegiaren aurrean bilduko dira, 11:00etan.