EH Bilduren bost ezezko boto eta Ordizia Orainen beste birekin, aurrekontuak ez du aurrera egingo eta 2016koa luzatuko dute
Ordizian, joan den ostegunean egindako udalbatzan, 2017rako aurrekontua aurkeztu zuen udal gobernuak. Aurrekontu proposamenak «EAJ eta PSE-EEk osatutako gobernu taldearen akordioarekin bat egiten» duela adierazi zuen Jose Miguel Santamaria alkateak. EH Bilduko bost zinegotziek eta Ordizia Oraineko biek ,ordea, ezezko botoa eman zioten. Aurrekontu proposamenak, beraz, zazpi ezezko boto eta aldeko sei –EAJren bost boto eta PSE-EEren bat– jaso zituen. Horregatik, ez du aurrera egingo.
Oposizioak emandako arrazoien artean, «udal gobernuarengan duten konfidantza falta» nabarmendu dute. Akordioa iritsi bitartean, 2016 aurrekontua luzatuko dute.
Aurrekontu proposamena
Urte honetarako Ordiziako udal gobernuak egindako aurrekontu proposamena 12.382.127 eurokoa da, eta 2016 urtearekiko %9,82ko gehikuntza du. Jose Maria Santamaria alkateak «egonkortasunean oinarritzen den aurrekontua» dela adierazi zuen eta helburu nagusi bezala «Ordizia hobetzea» dutela argudiatu zuen.
Alkateak esandakoaren arabera, igoeraren arrazoiak «foru funtsaren eta zerga eta tasen %4,44ko igoera» dira. Batetik, aparteko sarrera du aurten hirigintza aprobetxamenduak, eta bestetik, Foru Aldundiarekin hitzarmen bidez izandako ekarpenak, iaz egon ez zirenak, «694.000 euro gehiago suposatuko ditu». Gastuen atalean, gastu arrunta (langile gastuak, erosketak, zerbitzuak, finantza gastuak edo Goiekira bideratutako transferentziak, Majori eta herri antzokirako besteak beste), «amortizazioekin batera %1,19» igo dela esan zuen alkateak.
Gastuetan, inbertsioen atalak %194,94 egin du gora. 2016ko aurrekontuaren ondoan, «481.393 euro egiten du gora». Ordiziarentzat «oso gehikuntza garrantzitsua» dela nabarmendu zuen Santamariak.