Ekozinemaldia egingo dute Ordizian, Ataunen eta Zaldibian, gaur hasita
Gaur Ataunen, bihar Ordizian eta etzi Zaldibian izango dira emanaldiak. Aurtengo gaia ibaien eta inguruen egoera izango da. 'Ni Urumea' dokumentalak irekiko du gaur Ataunen
Gaur hasiko da, hirugarren urtez, Ekozinemaldia, Goierriko hiru herritan; Ordizian, Ataunen eta Zaldibian. Beraz, gaur, bihar eta etzi, planetako arazo ekologikoen inguruko dokumentalak egongo dira ikusgai. Edizio bakoitzean, gai bat aukeratzen dute eta aurtengoa, ibaien eta ibai hertzen egoera izango da.
Duela hamar urte sortu zen Ekozinemaldia, baina Goierrin 2015ean egin zen lehenengo aldiz. Goierriko Baratzak, Ekologistak Martxan eta Landarlanekin batera antolatutako ekimena da, eta Ordizia eta Ataungo herri antzokien, Zaldibiako Karreane kultur etxearen eta Ataungo Murkondo elkartearen laguntza dute.
Hiru herri, hiru saio
Ataunen egingo dute Ekozinemaldiko lehenengo emanaldia. Labrit Multimendia ekoiztetxearen Ni Urumea dokumentala izango da ikusgai. Ibaiaren bidean zehar testigantzak eta bizipenak jasotzen ditu. Horien bidez, ibaiari ageriko protagonismoa eman nahi zaio. Urumea ibaiak lehen pertsonan hitz egiten du; bere uraldiez, bere biologia aniztasunaz, jasaten dituen kalteez, eta, bereziki, bere ur bazterretan bizi den jendearekin historian zehar izan dituen harremanez. Hitzordua gaur izango da Ataungo San Gregorioko Elkargunean, 19:00etan eta sarrera dohainik izango da.
Bigarren emanaldia, bihar izango da, Ordiziako Herri Antzokian. Demain, mañana dokumentala egongo da ikusgai. Lan horrek Cesar sarietan dokumental onenaren saria eraman zuen. Krisi ekonomiko, ekologiko eta sozialaren ondorioz, 2100.urtean gizadiaren zati baten desagerpenaz hitz egiten du. Hitzordua20:30ean izango da eta 4,5 euro balioko du sarrerak.
Azkenik, etzi, osteguna, Zalbidiako Karreanen, Guardiana de los rios izeneko lana botako dute, 19:00etan. Sarrera dohainik izango da. Hondurasen, Berta Caceres aktibistak, uraren defentsan egindako borrokaren inguruko dokumentala da. Caceres hilda agertu zen joan den urteko martxoan, bere etxeko logelan.