Hutsik dauden lokal komertzialak proiektu berrien bidez berreskuratzeko diru-laguntza programa da Ordizia Zabalik. Ekintzaileek bost asteko epea dute orain eskaerak egiteko
Ordiziako Udalak ekintzaile berriei eta negozio berritzaileei zuzendutako Ordizia Zabalik laguntza programa abiatu du aurten ere. Apirilaren bukaerara arte egongo da zabalik eskaerak egiteko epea. Programa horren helburua, hutsik dauden lokal komertzialak ekintzaile berrien bitartez berreskuratzea eta belaunaldi aldaketari erantzuna ematea da.
Ordiziako Udalak laugarren urtez egin du deialdia da eta dagoeneko hamabost dira Ordizia Zababalik programaren bitartez laguntza jasotzen dutenak. Merkataritza Biziberritzeko Plan Bereziak aurreikusten zuen eginbeharretako bat zen Ordiziako merkataritza eta ekonomia suspertzea, lokal hutsei erabilpen berriak emanez.
Ordizia Zabalik, hiru norabidetan landutako proiektua da. Alde batetik, negozio berriak edo balio erantsi bat eman dezaketen horiek erakartzeko helburuarekin. Bestetik, herriko gune desberdinetan dauden merkataritza beharrak asetzeko, hauek biziberrituz. Eta azkenik, belaunaldi aldaketari erantzuna emateko asmoz. Horren bitartez lanpostu berriak sortuko direla eta lokal hutsak alokairuan jarri eta horiek berreskuratzeko baliagarria izango dela aurrikusten du Ordiziako Udalak.
Laguntzak eta obligazioak
Aurtengo Ordizia Zabalik diru-laguntza programak izango duen aurrekontua hamar bat ekintzaileri babesa emateko adinakoa izango dela aurreikusten du udalak eta diru hori, negozio berri bat ireki nahi duen ekintzaileari alokairua ordaintzen laguntzeko erabiliko da. Laguntza hori aldatu egin da laugarren deialdi honetarako eta oraingoan, bi urtez jaso ahal izango dute gehienez: lehen urtean alokairuaren %40 ordainduko du udalak (gehienez 400 euro hilean) eta bigarrenean %30 (gehienez 300 euro hilean).
Ordiziako lokal hutsetan jarduera ekonomiko bat martxan jarri nahi duen edozein pertsona fisiko edo juridikori dago zuzenduta diru-laguntza, ekintzailearen bizilekua edozein dela ere.
Txikizkako merkataritza, pertsonei zuzendutako zerbitzu enpresak, balio erantsia eta kalitatea ematen duten ostalaritza ekimenak edo merkataritza susper- tzen lagundu dezaketen ideiak hartuko dira kontuan.
Bete beharreko baldintzak ondorengoak dira; negozio bideragarri baten proiektua izatea, zerga-betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak beteta izatea, lokal komertzialaren jabeak inprimakia beteta izatea eta ekintzailearen curriculuma eta Goiekiren bitartez landutako jarduera memoria proiektua aurkez- tea, norbere datuekin batera.
Izena emateko bideak
Zabalik programan parte hartu nahi dutenek, bai ekintzaileek eta baita lokal komertzial hutsen jabe direnek, arreta bulegoan edota merkataritza bulegoan inprimaki bat bete beharko dute. Eskaera-orria eta programaren oinarriak, Ordiziako Udalaren webgunean, herritarren arreta bulegoan eta merkataritza bulegoan eskura daitezke. Oinarri horietan azaltzen den epaimahaiak eman beharko die oniritzia aurkeztutako proiektuei.
Informazio gehiago lortzeko, Ordiziako Udalaren webgunean sartu edo herritarren arreta bulegora jo daiteke, telefonoz (943 885 850 / 943 805 611) edo
merkataritza@ordizia.eus posta elektronikora mezua bidalita.