Gaztetxea Mataderoan 20 urtez
Gaztetxea Legazpiko Mataderoan dagoela 20 urte betetzen direla eta, ospatu egingo dute bihar, egun osoz. Legazpiko Gazte Asanbladako kideek ondu duten dokumentala aurkeztuko dute.Gaztetxearen urteurrena da, egungo Gaztetxearena. Izan ere, Mataderoan ko...
Gaztetxea Legazpiko Mataderoan dagoela 20 urte betetzen direla eta, ospatu egingo dute bihar, egun osoz. Legazpiko Gazte Asanbladako kideek ondu duten dokumentala aurkeztuko dute.
Gaztetxearen urteurrena da, egungo Gaztetxearena. Izan ere, Mataderoan kokatu zutela 20 urte betetzen dira aurten eta Legazpiko gazteak urtemuga ospatzeko prest daude. Jaia antolatu dute biharko, baina festaren bihotzak irudi bidez egingo du taupada. Legazpiko Gazte Asanbladako (LGA) kideek dokumentala egitea pentsatu zuten, ez soilik Mataderoan dagoenetik iragan diren urteen historia jasotzeko, urrunago joan nahi zuten eta Legazpiko gazte mugimenduak emandako urratsak jaso nahi izan dituzte. Sergio Prieto eta Xabier Aztiria LGAko kideek errealizatu dute eta biharko jaian emateko asmoa daukate.1989an gazteek Guardia Zibilaren kuartela okupatu zuten hura gaztetxe bihurtzeko. Bizilagunekin arazo dezente izan zituzten eta Espainiako Defentsa ministerioak tokia eurena zela, eta handik atera zituzten. Gero, Nafarroa kaleko lokal batean egokitu zuten gaztetxea eta han ere hamaika arazo zein traba. Udalak gaztetxe hura itxi zuen gazteei aurrez abisua pasa gabe. Erabakiak erantzuna izan zuen: manifestazioak, jaietako txupinari boikota lepoa emanda… Mataderoa hutsik geratu zela eta, udaletik gune hura eskaini zieten LGAko garai hartako ki-deei. Orduan hasi zen egungo Legazpiko gaztetxearen historia.
Burgoseko enpresa bati egin zioten mataderoa birmoldatu eta hango lanak burutzeko enkargua. Ez zituen, ordea, lanak behar bezala egin eta gazteek ekin behar izan zioten komuneko obrari nahiz barrakoari.
Hori guztia kontatzen dute nork bere garaiko lekukoek dokumentalean. Joseba Villarreal eta Joxe Egaña lehenengo urratsetatik hasi, eta egungo Legazpiko gaztetxeko ahotsetara arte.
«Gure asmoa nondik gatozen erakustea izan da. Egungo gaztetxea izan dezagun atzetik egon diren lana eta borroka bildu zein erakutsi nahi genituen, baita lanean ibili direnen testigantzak batu ere», azaldu du Aztiriak.
Errelebo faltaren kezka
Aurreko urteko uztailean Gaztetxeak egunero-egunero irekitzen zituen ateak itxi zituen. Orain ekintzak antolatzen dituzte, urtean hainbat dituzte definituta aldez aurretik eta bidean sortzen direnak ere gehitzen dituzte. Edonola ere, LGAko ki-deek erreleboari buruzko kezka sakona dute.
Asteazkeneko bileran elkartu diren gehienen adina 25-26 urtekoa da, salbuespena dira 17-18 urte arteko hiru kideak. Bilera irekiak dira, baina kosta egiten zaiei gazteagoen presentzia lortzea. Indiferentzia, indibidualtasuna, dena emanda etorri zaiela, konpromiso falta… Halakoak aipatzen dituzte parte hartze eza azaltzeko. Gazteenek hitza hartu, eta honakoa dio Maddi Ugartek: «Nire adinekoei galdetu diet ea bazkarira etorriko diren eta bazkaria ez dela garrantzitsua esan didate, gero parrandara etorriko direla». Irati Carmonak gehitu du: «Beharbada batek badauka etortzeko gogoa, baina ez badu etorriko den bigarren bat topatzen ez da etorriko. Lotsatu ere egiten dira».
Biharko jaia aurretik gaztetxetik pasatakoentzat, orain daudenentzat eta datozenentzat antolatu dute. Elkargune bat.