Tailerra eta ibilaldiak antolatu dituzte Anduetza parketxean
Aizkorri-Aratz Natura Parkean hainbat ekitaldi antolatu dituzte Aste Santurako eta Pazko Asterako. Hilaren 13tik 17ra bisita gidatuak egon dira eta datozen egunetarako tailer bat eta bi ibilaldi antolatu dituzte.Biharko, San Adrian igarobidera ibilaldi...
Biharko, San Adrian igarobidera ibilaldia antolatu dute. 10:00etan abiatuko dira, Aldaolako aparkalekutik (Otzaurtetik 4 kilometrora). Ibilaldiak hiru ordu eta erdiko iraupena izango du. Parte hartzaileek, orain arte egin diren indusketa arkeologikoetan oinarriturik, historiaurrea, brontze garaia, Erdi Aroko errege-bidea eta gotorlekua eta mikeleteen egoitza ezagutuko dituzte. 4 euro ordaindu behar dute.
Etzi goizerako, berriz, Jaten den egurrik ba al dago? tailerra antolatu dute Anduetza parketxean. Tailerra 11:00etan hasiko da eta ordu eta erdiko iraupena izango du. Mundu osoko 1.500 oholtxo eta 177 zuhaitzen enborrak ezagutuko dituzte. Parte hartzaileek 3 euro ordaindu behar dute.
Bukatzeko, larunbatean ibilaldia egingo dute txori kantuak ezagutzeko. Anduetza parketxetik abiatuko dira, 10:00etan. Ibilaldiak hiru orduko iraupena izango du. Mikel Olano adituak gidatuko du eta ez du zailtasunik. Parte hartzaileek, 5 euroren truke, txoriak entzuteko eta prismatikoekin ikusteko aukera edukiko dute.