Bederatzi neskek osatzen dute Beasain BHI taldea. Gipuzkoako senior mailako Ligan jokatzen dute. Antzizar kiroldegian jokatzen dituzte etxeko partidak
Onintze eta Garazi Garridok, Leire Narraspek, Naroa Goitiak, Naroa Riosek, Sara Escaleirak, Laida Tarikek, Mirari Miragayak eta Ane Ventureirak sortu dute aurtengo denboraldian Beasain BHI senior mailako nesken areto futboleko taldea. Manolo Miragaya dute entrenatzailea. Antzizar kiroldegian jokatzen dituzte etxeko partidak eta Gipuzkoako senior mailako ligan dabiltza, Idiazabal taldearekin batera. Zazpi taldek osatzen dute liga.
Jokalari batzuk aurretik hamaikako futbolean aritutakoak badira ere, areto futbolean hastea erabaki dute, besteak beste, beraien ezaugarri fisikoetara hobeto egokitzen delako. Dena den, Onintze Garridoren ustez, beheraka doan futbol modalitatea da areto futbola: «Talde gutxi gabiltza Gipuzkoako ligan, eta liga desegiteko arriskua dago».
Aurten taldea ateratzea lortu dute, baina ez dakite datorren urtean jarraitzerik izango duten, «jokalari gehiago behar ditugu taldeak jarraitzeko», dio Garridok. Hamaikako futbolean Goierrin sortu duten Goierri Gorri kluba bezalako proiektu bat areto futbolera zabaltzea aukera ona litzatekeela uste du jokalariak.