Ezpatak eta Olaria saria jasota
Sustraiak dantza taldeko kideek ezpata dantza egin dute; Maria Gutierrez izan da kapitaina. La Salle eskubaloi taldekoek jaso dute aurtengo Olaria sariaSantikutz eguna ospatu zuten atzo Legazpin. Legazpiarrak dotore-dotore jarri ziren Euskal Herria pla...
Sustraiak dantza taldeko kideek ezpata dantza egin dute; Maria Gutierrez izan da kapitaina. La Salle eskubaloi taldekoek jaso dute aurtengo Olaria saria
Santikutz eguna ospatu zuten atzo Legazpin. Legazpiarrak dotore-dotore jarri ziren Euskal Herria plazara biltzeko. Sustraiak taldeko ezpata dantzariak, neskak nahiz mutilak, plazara ateratzeko prest zeuden eguerdiko hamabiak jo baino minutu batzuk lehenago. Hasteko arkua egin zieten udalbatzako kideei eta Olaria saria jasoko zuten La Salle eskubaloi taldeko kideei. Ondoren, ezpatak altxatu zituzten plazan.Maria Gutierrez legazpiarra izan zen atzokoan kapitaina. Dantza kideek ezpatekin osatutako larrosara igo zen eta goitik eskuekin egin zuen dantza. Jaisterakoan istriputxoa izan zuen, baina ez zen larria izan.
Jarraian Olaria saria eman aurretik dantzariek agurra eskaini zieten. Dantzari askok eskubaloi taldearen zapi gorria lepoan jarrita zuten, izan ere, haietako asko eskubaloi taldeko jokalariak ere badira.
La Salle eskubaloi taldeko Ibon Altzelaik jaso zuen saria, Koro Renedorekin batera. Koldobike Olabidek 2000. urtetik Legazpiko Udalak ematen duen saria dela azaldu zuen eta baita aurretik nori eman dieten ere. Iaz Cesareo de la Presak jaso zuen, bake epaile eta Jubilatu Elkarteko lehendakari ohiak.
Diamante ezteiak jomugan
Ibon Altzelaik hitza hartu zuen eta taldea martxan jarri zuten «lau zoroak» gogora ekarri zituen: «Eskerrik asko lehenengo lau zoro haiei». Taldeak 50 urteotan maila igoerak zein jaitsierak, «denetarik» bizi izan duela esan zuen. Babesleei aitortza egin zien eta zuzendaritzan musu truk lan egin duten guztiei. «Onena etortzear dago, Diamante Ezteietan daukagu hurrengo jomuga!». Hunkigarria izan zen garaikurra Manuel Azpeitia taldeko kide nagusienak hartu eta altxatu zuen momentua.
Gaur barraketan prezio herrikoia ezarriko dute eta merkeagoak izango dira fitxak. Magia ikuskizuna dago 12:30ean, 17:00etan kale antzerkia eta 18:30ean erraldoien konpartsa, buruhandiak eta Urolatarrak txarangarekin.