Beasaingo sozialistek Sanchezen hautagaitza babesteko ekitaldia egin dute
Beasaingo PSE-EEko kideek deituta, alderdi sozialistaren zuzendaritzarako Pedro Sanchezen hautagaitza babesteko ekitaldia egin dute gaur Beasainen. Sozialistak gara lemapean, Sanchezen aldeko Gipuzkoako plataforma aurkeztu dute, eta babesa eskatu diete jarraitzaileei. Alderdia birsortzeko beharraz hitz egin dute
Beasaingo Herriko Etxea txiki gelditu da bertara etorritako jarraitzaile guztiak hartzeko. Santi Urdanpilletak eta Eneko Parrak egin dituzte aurkezpen lanak. Sanchezen aldeko “Gipuzkoako plataforma hemen bertan” sortu dela azaldu du Urdanpilletak, Odon Elorzarekin bildu eta gero. Parrak berriz, urriaren 1aren ondoren, “militante asko engainatuta, traizionatuta” sentitu zirela azaldu du. “Ilusioa jaitsi egin da, eta hori kalean ere nabaritzen dugu”. Pedro Sanchezek “militanteek emandako hitza bete” egin duela uste du, eta bera dela “ilusioa” sortzen duen hautagai bakarra. “Sanchezek dio sozialismoarentzat txarra izan dela eskuinera gerturatzea, eta alderdia barrutik aldatu behar dela”. Hala, alderdi barruan “transparentzia” behar dela eta “korrupzioak eta ate birakariek bukatu” egin behar dutela uste du Parrak. Hori guztia dela eta, Pedro Sanchezen hautagaitza babesteko eskatu die alderdi kideei.
Ondoren, Jorge Letamendia eta Bixen Itsaso alderdi sozialistako kideek ere hitz egin dute. Denek ere, “boto bakoitza garrantzitsua” izango dela nabarmendu dute, eta “militante guztien partehartzea” beharrezkoa izango dela. Hilaren 21ean egingo du PSOEk Idazkari Nagusia aukeratzeko kongresua. Beasainen, militanteek 10:00-14:00 artean izango dute beraien botoa emateko aukera.