Barazki eta fruta berri asko atzoko ferian; udaberria bete-betean dela nabarmen geratu da. Frutetan gorriak nagusi, gerezia bereziki.
Beste behin eguraldi aproposa kanpoan, aire librean erosketak egiten ibiltzeko. Aldiz, gure lurra euri eske dugo. Tokika poliki bota badu ere, lehortearena eta «oraindik ekainean sartzeko» gaudenekoa ahoz aho dabil.
Kontuak kontu, produktu berri asko ekarri zituzten. Erakartasun handiena izan zuenetakoa leka edo baina, negutegikoa, bi postuetan ikusi genuen. Elba motakoa zen, landarea luzea da eta leka txapala. Gerora merketuko bada ere, lehena iazko prezioan jarri zuten salgai, 6 euroan kiloa. Oso fina eta gustagarria da, oso estimazio handia duena.
Ozpinetako piperra edo
Ibarrako langostinoa esanez ere geroz eta ezagunagoa egiten ari dena ere ekarri zuten, eta izenari ohore eginez Ibarrako Montesen postuan jarri zen salgai kiloa 6 euroan, orain arte genituen Gernikakoaren eta luze eztiaren prezio berean.
Lehen kuiatxoak ere postu berean ziren. Apioa edo perexil heze sortak edota zerba eta borraja berriak ere badira aukeran.
Fruitu gorrien garaia
Hamabi hilabete hamabi produktu ekimenaren barnean zainzuriak gereziari utzi dio tokia, hilabete berria hasi bezperan.
Fruten atalean gorriak izan ziren nagusi eta bereziki gerezia, ugari, bai ingurukoa bai Nafa-rroakoa eta baita penintsulako beste hainbat tokitakoa ere.
Berrien artean marrubien ondoan zerrenda osatuz mugurdia edo franbuesa eta andere mahatsa edo grosella aipatu behar dira; kiloa 12 euroan ateratzen bada ere, 2,5 euroko otartxoetan salgai dira Arantxa Zurutuza aramarraren postuan.
Lehen gorringoak
Mikologia atalean, bestalde, denboraldiko lehen gorringoak ekarri zituzten. Prezioari dagokionez, denen gainetik da bera, kiloa 38 euroan. Kopuruz, aldiz, udaberriko zizak jarraitzen du gailurrean. 300 kilotik gora ekarri zituzten atzo, eta kiloa 15-35 euro artean saldu. Onddoak eta ziza horiak ere baziren atzokoan aukeran.
Arkumei agur
Artzainak, berriz, goiko larreetara abiatu dira eta, dagokionez, ia bukatutzat eman genezake arkume garaia.