Negutegiak alboratu eta eguzki beroak ukitutako barazkiak nagusitzen hasi dira. Leka eta piperrei tomatea gehitu zaie.
Uztaileko lehen azoka eguraldi beroarekin joan zen. Plazan 27 gradu neurtu ziren 10:00etan, eta ordurako saltzaileak toldo eta sonbrila azpian gordetzen hasiak ziren, eguzkiari ihes egiteko.
Eguraldi beroarekin batera, goizeko lehen orduetako lasaitasuna zen aipagarri. Umeak oporretan direla eta, atzeratu egiten dute erosleek azokara egiten duten bisita.
Produktuei dagokienez, negutegikoak alboratu eta aire li- brean hazitakoak nagusitzen ari dira. Aurreko asteetan agertu ziren eguzkipean zuzenean hazitako lekak, piperrak edo kuia-txoak. Atzo, tomatea gehitu zitzaien. Ibarrako Montes Etxeko Arantxa Iparragirrek zituen salgai, kiloa 3 euroan. Beste postuetan galdetuta, gutxi falta zaiela, baina laister izango dituztela zioten. Horietako bat zen Anoetako Maria Teresa Jauregi. Honek babarrun gorria ere laster jasoko duela esan zuen.
Eguraldia hizpide
Pasa den asteburuko hotzak eta euriak mesede baino kalte gehiago egin diete piperminei. Atzo ohi baino gutxixeago zegoen, esandako eguraldi narrasagatik. Halere, prezioa behera doa poliki-poliki eta kiloa 7 eta 10 euroan zen salgai.
Eguraldiarekin jarraituz, aurten ez da oso aproposa izan perretxikoentzako. Udaberriko zizak joan ziren, eta aurreko asteazkeneko onddo eskaintza oparoa izan bazen ere, ez da aste honetan batere izan salgai. Mikel Lasa da azken asteotan mikologia produktuen saltzaile bakarra, eta atzo ziza horia (60 kilo, 20 euroan bakoitza) eta gibelurdina (15 kilo, 30 euroan kiloa) zituen bakarrik. Itxura oso onekoak ziren gibelurdinak, eta Nafarroan jasotakoak zirela esan zuen, Artikutza inguruan.
Klaudia aranak kanpotik
Kanpoko produktuetan, udako fruta eskaintza zabaltzen ari da, eta gereziak bere denboraldiaren azkenetan sartzearekin batera, klaudia aranak, aran gorriak eta mahats beltza iritsi dira. Alberretxiku, briñoi, melokotoi, paraguaio, madari, sandia eta meloiarekin batera osatzen dute udako eskaintza.
Bestalde,
12 hilabete, 12 produktu ekimenak udako barazkiei eskainiko dizkie uztaileko eta abuztuko feriak, atzokoan sukaldari eta guzti. Lazkaoko Aldasoro Berri jatetxeko Juanjo Martinez de Rituerto izan zen atzo D’elikatuz zentroak plazan atontzen duen txokoan sukalde lanetan.