Udako denboraldia hasita, igerilekuetako sorosleen lanak ere gora egiten du. Imanol Etxeberria Majoriko igerilekuan sorosle lanetan aritzen da eta erabiltzaileentzat hainbat aholku eman ditu.
Ekaina erdialdean ireki zituzten Goierriko kanpoko igerilekuak eta irailaren erdira arte irekita egongo dira. Imanol Etxeberria, Ordiziako Majori kiroldegiko igerilekuko soroslea da eta igerilekuan kontuan izan beharreko gauzetaz aritu da.
Zein da sorosle bezala zure eguneroko lana?
Astebete goizez eta hurrengoa arratsaldez aritzen gara hemen Ordiziako igerilekuan, horrela egunero eta egun osoan zehar soroslea egoteko. Eguna ondo hasteko, aurreko gauean igerilekua garbi mantentzeko robotak jarrita uzten ditugu. Goizean, 07:00etan irekitzen da kiroldegia eta lehenengo orduan uraren baloreak neurtzen ditugu; kloroa, PHa eta baita tenperatura ere. Hori guztia eginda, igerilekua prest dago jendea etortzen hasten denerako. Ondoren, bueltatxo bat ematen dugu, lurrean gauzaren bat edo beste gelditu ote den ikusi eta. hala bada, jasotzeko. Hortik aurrera, segurtasuna zaintzen egoten gara.
Kiroldegian, barruko eta kanpoko igerilekuan egon ohi zara.
Bai. Dena den, udako denboraldia da guretzsko gogorren, kanpoko igerilekua irekita dagoenean, alegia. Bero asko, ume asko eta jolas asko egoten den garaia delako, eta horrek arreta berezia eskatzen digu sorosleoi.
Urtean zehar beste dinamika bat izaten dugu. Barruko igerilekuan egon ohi naiz eta han errazagoa da. Egunero etortzen den jendea da eta horiek arauak ezagun dituzte.
Zeintzuk dira erabiltzaileek bete beharreko neurriak?
Gure lana garbiketan eta segurtasunean datza eta ematen ditugun aholkuen artean, korrika ez egitea, jolas arriskutsuetan ez aritzea, batez ere jende asko dagoenean saltoekin ere kontuz ibiltzea eta ito-pasararik ez egitea, besteak beste, esaten dugu. Hori da gehienbat zaintzen duguna. Garbitasunari dagokionez, uretan sartu aurretik dutxatzea, txanoa erabiltzea eta ateratzean berriz ere dutxatzea dira ematen ditugun aholkuak. Prebentzioa da gure lana.
Asistentzia ohikoenak zeintzuk dira?
Zauri txikiak batez ere. Noizbait salto egin behar izan dugu uretara norbait ateratzeko, baina ez da batere ohikoa.
Bero handia egiten duen egunetan zer komeni da?
Hidratazioa da gehien zaindu beharrekoa; bai barrutik eta baita kanpotik ere. Ura eta zukuak edan, alkohola duten edariak ekidin, janari garbiak egin eta frutak eta barazkiak kontsumitu, hori guztia, barrutik hidratatzeko. Kanpoko hidratazioari dagokionez, sarri-sarri dutxatu edo bainatu eta krema emateari ez utzi. Horrez gain, itzaletan jartzea, eguzkitan jartzea baino hobea da eta txanoa eta betaurrekoak erabiltzea ere komeni da.
Digestioari dagokionez zer esan dezakezu?
Bazkaldu eta gero komenigarria da pixka bat itxarotea. Asko bazkaldu baduzu batez ere, gorputza lanean ari da eta odolaren tenperaturak gora egiten du. Ur hotzetan sartzerakoan, kontrastea oso handia izan daiteke eta kontuz ibili behar da. Horregatik, pixkanaka gorputza bustitzen joatea komeni da.
Igerilekuan kokaleku berezirik al duzue?
Dudak argitu eta aholkuak emateko edozeinek ikus gaitzakeen tokian gaude. Horrez gain, igerilekuan bueltaka ere ibiltzen gara.
Eta haurren kasuan, zeintzuk dira gomendio orokorrak?
Sei urte arteko umeak gurasoekin egon behar dute. Zortzi urte artekoek, gurasoek ikusten dituzten tokian ibili beharko lukete eta 10-12 urte bitartekoei dagokienez, arduradun bat behintzat kiroldegian egotea komeni da.
Zerbait gertatzekotan, zein da protokoloa?
Lehenik eta behin kiroldegiko botikinera eraman eta larria bada, anbulantziari deitu. Dena den, gure lana horrelakorik ez gertatzea da. aldez aurretik arriskuak saihestea, alegia.