Jai batzordeak aurten hainbat aldaketa egingo ditu uztaila amaierako Legazpiko auzoko festetan. Beheko barra txosna bategatik ordezkatuko dute. Bi guneetan karpak egongo dira
Legazpiko San Inazio auzoko jai batzordeko kideak uztaila amaierako jaien egitarauari azken ukituak ematen ari dira. Aurten deialdi berezia egin dute legazpiarrek eta, San Inazioko bizilagunek bereziki, txosnetako txandetarako izena eman dezaten, «arratsaldeko txandak hartuta ere oso mesedegarria litzateke».
Antolatzaileek aurten azpiegiturei erreparatu diete bereziki eta azpiko barra ipini ohi izan duten tokian txosna bat jarriko dute; horrenbestez, bi txosna egongo dira, bata goran eta bestea beheran. Urtetik urtera behera doa jai batzordean lanean ari direnen kopurua eta txosnetako txandak betetzea gero eta zailagoa da. Azpiegiturei emandako arreta bereziaren harira, eguraldi txarra egingo balu, jaietan karpa bana ipiniko dute gune bakoitzean eta txosna itxia izango dutela esan dute jai batzordetik.
Datozen jaietan egingo dituzten aldaketa guztiak aletu nahiz arrazoitu dituzte. Alde batetik, azken urteotan rock kontzertuak amaitzean beheko barraren gunea hutsik geratzen zela eta bitartean goiko txosnan lanez gainezka zeudela jabetu dira. Bestetik, musikari dagokionez, goiko eta beheko guneak urrun daudenez, barran lanean ari direnen nahiz kanpoan daudenen gustuen araberako musika jarri ohi da eta diotenez, «barra guneen arteko musika estilo lehia eman ohi da».
Reggaetoirik ez
Horrek guztiak jaien giroa «nahastu» baino ez duela egiten diote eta auzoan tabernarik ez iza-teak jaiei ematen dien «xarma hori» galduz doala sumatu dute, «edozein jaietan taberna gehienetan topatu daitekeenaren ia kopia bat izatera iritsi dira». Gauzak horrela, beheko barra arkupetik atera eta txosna jarriko dute arkupe kanpoan. Bi txosnen itxiera ordua zainduko dute eta batera itxiko dituzte «bizilagunekiko eta txosnan lanean ari direnei zor zaien errespetuagatik».
Musika eskaintza zabala bermatuko dute eta reggaetoiak ez du tokirik izango letra eta irudi mailan musika estilo horrek egiten duen emakumezkoen tratamenduagatik.
Jai batzordeko kideek ulertzen dute egongo direla erabaki hauekin ados ez daudenak, «baina azken urteetan jaiek hartutako norabidea aldatzeko saiakera egiteko hartu ditugu erabaki hauek, jaiak maite ditugulako baina ez edozein baldintzatan».