Igandea bitarte, 14 garagardo mota desberdin eta jateko ugari egongo da. Aurtengo berrikuntza kontzertuak izango dira. Dirua, denboraldiko gastuei aurre egiteko bideratuko dute
Azken urteetan bezala, Idiazabalgo areto futboleko taldeak Garagardo Festa antolatu du Zelaako kiroldegian. Gaur 18:00etan ireki, eta igandera arte mota ezberdinetako 14 garagardo dastatzeko aukera izango du bertaratzen denak. Festak 15. edizioa du aurtengoa eta guztia prest dute garagardo zaleentzat.
Eskaintzari dagokionez, aurreko urteetan izandakoaren antzekoa izango da; garagardoaren prezioa 4 eurokoa izango da. Ohikoa den bezala, jatekoa ere egongo da; ikondoa, solomoa, oilasko hegoak eta beste hainbat plater. Ordutegiari dagokionez, gaur 18:00etan inauguratuko dute eta goizaldea arte irekita egongo da. Bihar ere, ordutegi bera mantenduko da eta igandean, berriz, 18:00etatik 00:00ak ingurura arte.
Aurtengo berrikuntza egunero kontzertuak egongo direla izango da. Gaur, afal ostean, Idiazabalgo The Frankys eta Gaitzerdi erromeri taldeen emanaldia izango da. Bihar, larunbata, Maite eta Haritzek euskal kantekin girotuko dute gaua eta haien ondoren DJak egongo dira.
Garagardo festarekin egunotan eskuratutako dirua, Idiazabalgo areto futboleko taldeak, denboraldian zehar dituen hainbat gasturi aurre egiteko bideratuko dute.
Denboraldi berria ilusioz
Klubeko bi taldeek joan den urtean izandako emaitza onak ikusita, «aurten ere ilusio handiz hasi dute aurredenboraldia», Xabier Sanchez, entrenatzaileak adierazi bezala. Aurten ere nesken eta mutilen taldea atera dute. Nesken seniorren taldea, joan den denboraldian bigarren gelditu ondoren, liga irabaztea izango du erronka. Mutilak berriz txapeldun gelditu ondoren, Gipuzkoako lehenengo mailan arituko dira eta maila berriari heustea izango da helburua.