Azken egunetako euriak onddoa ekarri du, ugari, eta gustura dira perretxikozaleak. Baina orain hego haizearen beharra ere sentitzen da babarrunak eta beste produktu batzuk ontzeko.
Irailean eguraldi on askoak egin izan ditu baina aurten, hotz eta oso euritsu. Indaba kilo batzuk salgai badituzte ere, ez nahi adina. Oso urte ona datorrela aipatzen zuten alearen ugaritasuna eta edertasuna ikusita, baina «azken heldu puntua hartzeko hego haizea behar dute, kolorea hartzen hasi eta erabat belztu ezinean daude babarrunak» aitortu digu Anoetako Maite Jauregik. Aire libreko tomatea galtzen ari da, ez baita hotz eta euri zalea; berotegikoak luze iraungo du oraindik. Leka edo baina ere, gutxi, 4-6 euroan, baita Asun Etxeberriaren postuan ikusi dugun luze berezia ere, 40 bat zentrimetrokoa. Borobila, gorria eta txapala daude aukeran.
Piper kontserben garaia
Hemengo piper asko dago oraindik aukeran: ozpinetakoa (6-8 euroan kiloa), luze eztia eta italiar txorizeroa (3,5-5) edota morroa gorria eta berdea (3-3,5). Hauez gain kanpotik urtero garai honetan kontserbak egiteko bereziki ekarri ohi dituzten najerakoa, pikoa eta pikilloa. Gordinak ez ezik, erreta ere eros daitezke Barrena plazan Amatrianen eskutik. Atzo hasi eta urria bukaerara arte ariko da lan horretan.
Hemengo onddoa hasi da, eder askoa gainera. Kanpokoa gehiago oraindik eta baita zizahori, esnegorri eta tripakiak ere.
Bestalde, Jon Etxeberria erlezaina hasi berria da aurten berriz ere ferian. Duela bi urte feria bereziaren egunean etortzen hasi zen Gozatu eztiarekin eta oso bilan baikorra egiten du asteazkenetako esperientziaz. Bezeroarekiko harremana estimatzekoa dela dio, eta produktua aurrez aurre aurkeztea, lanbidearen lagun. Hala, udaberri hasierara arte edo hor izango da astero, oraingoz eskaintza honekin: milalore eztia, polena, jalea, propolia eta mielatoa.
Mielatoa ezagutzen
Inork euskarazko izenik ezagutuko balu, eskertuko luke. Izan ere, Jonek esan digunez «mielatoa erdarazko hitza erabiltzen dugu euskarazkorik ez dugulako ezagutzen». Beste eztiekiko ezberdina da, ez baita nektarretik sortua: «Zuhaitzen izerditik eratorritako eztia da, zuhaitzetako zorriarekin elkarlanean egin ohi du erleak. Nerea Arabako amezti batekoa da. Erkametzarena edota artearena ere izan daiteke». Bestearekiko lan berezia eskatzen du, eta beste hainbat ezaugarri ere baditu. Jon Etxeberria berarengana jotzea baino hoberik ez da zehaztasunetarako eta ezagutza handitzeko.