Hemengo eta kanpoko bisitari asko jaso du udazkeneko lehen feriak; urtaro oparoa datorrela dirudi intxaur, babarrun eta onddo geroz eta gehiago ikusten dira eta postuz postu.
Giro aproposa buruileko azken ferian bizi izan genuena jende eta eguraldiari dagokionez. Joan zen astean hego haize eta eguzki desioa agertzen zuten ekoizleek, eta iritsi da babarrunak ontzeko behar dena. Intxaurrentzat ere on; batzuk biltzen ari dira oraindik, bildu berriak besteak eta lehortuagoak ere bai. Iazkoa oraindik ere ikusten da. Aho batez dabil urte ona denekoa. Sagarrekin ere antzera, salbuespenak salbuespen. Agudo heltzen ari dira gainera, Goierri inguruan sagardogileei, baita txakolin egileei ere, lanak bizpahiru astez aurreratu zaizkie.
Onddoak ere hizpide ziren. Gozamena hartu dute makina batek biltzen, eta horren seinale merkatuan juntatu diren 160 kiloak (14-35 euroan kiloa). Ohiko toki guztiak nonbait ez dira hain emankor izan orain arte. Hemengo esnegorri polit askoak ere baziren hainbat mahaitan, kiloa 18-25 euro artean. Gibelurdinek eta zizahoriek osatu dute mikologia atala.
Barazkietan romanesko aza ekartzen hasi dira. Propietatez aberatsa izateaz gain, ederra da piramidetxo txikiz betea. Burua 1,2-2,5 euro artean zen. Azalore, brokoli, aza… hurrengo hilabe-teetako menuetarako osagai aproposak. Aldiz, baratzean landatzeko ia berandu dela esaten zigun Patxi Montesenekoak: «Oraindik batzuk eskatzen dute eta ekartzen ditugu, baina berandu da Brassica familiakoentzat, eta aza mota guzti hauek hala dira. Hobe da azarora arte itxoin eta udaberrirako prest izango dira». Aldiz, lehentxeago landatu daitezke tipulinak, eta Montesen aholkua segituz, «datorren ilbehera aproposa da».
Piper erre usaina
Piperrak erretzeko lana aurreratuta eros daiteke Barrena kultur etxeko plazan: «Badakizu horrela erraztea ze abantaila den guretzat», aipatzen zigun bezero batek. Jose Luis Amatriainek egiten du lan hori: «Lanean beti aurrerabideak aurkitu behar dira eta hau orain 6-7 bat urte bururatu zitzaidan, eta ondo doa, bai» zioen. Kokapen egokia aurkitzeak lana eman zien antolatzaileei, sortzen dituen kedarra eta beroa urruti hobe, baina aldi berean gustura hartzen da urrutiraino iristen den piper usain gozoa. Piko, pikillo eta Najerakoa ditu aukeran.
Kanpoko gaztagileak
Winsconsineko (AEB) gaztagile eta aditu taldea etorria zen atzo azokara zer ikasia eta erakutsia elkarrekin trukatzeko toki aproposa baita. Bisitari gehiago izan ziren atzo goizean: Basque Culinary Centerreko ikasleak eta Bizkaiko Pentziatik eta Vicetik (Bartzelona) autobusak etorri ziren.