Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, euskal erakunde publikoek bertako ondarea eta paisaia ezagutzeko dozenaka ekitaldi antolatu dituzte datozen egun eta asteetarako. Goierrin 20 ekitaldi egingo dituzte bihartik urriaren 29ra bitartean. Erakusketa...
Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, euskal erakunde publikoek bertako ondarea eta paisaia ezagutzeko dozenaka ekitaldi antolatu dituzte datozen egun eta asteetarako. Goierrin 20 ekitaldi egingo dituzte bihartik urriaren 29ra bitartean. Erakusketak eta ibilaldi gidatuak egingo dituzte Goierriko 12 herritan. Aurreneko ekitaldiak, asteburu honetan bertan egingo dituzte.
Donostian egindako aurkezpenean azaldu zutenez, «publiko guztiari zuzendutako formato anitzeko ekintzak» izango dira. Hainbat erakunde, elkarte, museo eta interpretazio zentrok parte hartu dute egitaraua osatzerako garaian.
Paisaia bizia lemapean, ondare historiko eta naturala ezagutzea eta honen garrantziaz ohartaraztea lortu nahi dute.
Bost ekitaldi asteburuan
Ondarearen inguruko lehen jardunaldiak asteburuan iritsiko dira Goierrira. Ormaiztegin iragana eta oraina batzen dituzten bi erakusketa zabalduko dituzte. Batetik,
Euskal Herriko atzoko eta gaurko begiradak argazki bilduma erakutsiko dute. Bestetik, Ormaiztegin bertan ateratako lehengo eta oraingo argazkiak. Biak ere, Zumalakarregi museoan egongo dira ikusgai; irekiera ostiralean izango da, 19:00etan.
Natur inguruneak
Aurtengo jardunaldien gai nagusia paisaia denez, Aralarko paisaiak historiaurrean izandako bilakaera aztertuko dute larunbatean, ibilaldi gidatu baten bidez. 09:30ean abiatuko dira Lizarrustiko parketxetik. Antonio Mujika aditua lagun dutela, historiaurreko aztarnak eta abeltzaintzarako erabilitako eremuak bisitatuko dituzte.
Aralarren bezala, Idiazabalen ere mendi larreak ezagutzeko irteera egingo dute. Atxurbide mendian 200 hektareako lur saila du udalak, eta azken urteetan, larreen hobekuntzan ari dira auzolanean. Igandean izango da, 10:00etan, plazatik abiatuta.
Ondare industriala
Goierri ingurune industriala da, eta arlo horretan dagoen ondarea ezagutzeko saioak ere egingo dituzte. Larunbatean, Zumarragan barrena ibilaldi gidatua egingo dute, 09:30ean, udaletxetik abiatuta. Igandean berriz, Mutiloako meatzaritza paisaia, kultura, ondarea eta biodibertsitatea ezagutuko dituzte. 10:00etan abiatuko dira, Mutiloako plazatik.