'Mendiko ama' zuzen, 50 urtera
Intsustiko iturria eraiki zutela mende erdi bat dela eta, ospakizuna egin dute. Lazkao Txikik eskainitako bertsoa zuzen idatzi, eta plaka berria itsatsi dute; lehengoak hitz bat gaizki du. Urteak ospatu eta zorra kitatu dute, beraz.Aralarrerako bidean,...
Intsustiko iturria eraiki zutela mende erdi bat dela eta, ospakizuna egin dute. Lazkao Txikik eskainitako bertsoa zuzen idatzi, eta plaka berria itsatsi dute; lehengoak hitz bat gaizki du. Urteak ospatu eta zorra kitatu dute, beraz.
Aralarrerako bidean, Lazkao, Ataun eta Zaldibia aldeko bidexkek bat egiten duten lekuan, Intsustiko iturria ospakizun gai izan zen, larunbatean. Iturria eraiki zutela 50 urte beteko dira azaroaren 10ean, eta efemeridea ospatu, eraikitzaileak goratu eta argazki erakusketatxo bat egin ditu Atauniker elkarteak.Larunbat eguerdian, 1967an jarritako plakaren ordezkoa kokatu zuten, iturriaren horman. Akats bat dauka testuan aurreko plakak, eta hura zuzentzeko baliatu du ekitaldia Ataunikerrek. Lazkao Txikik idatzi zuen Intsustiri eskainitako bertsoa.
‘Betiko’ ordez ‘mendiko’
Hamarreko handian dago bertsoa, eta azkeneko puntuko hitz bat aldatu dute: «Ni bainaiz zuen mendiko ama, maite zaituzten Intsusti» bukatzen da bertsoa. Lehengoak «betiko ama» zioen, esanahiari nabarmen eraginez.
«Lazkao Txiki erreta egoten zen Intsustiko iturriko bertsoa gaizki jarri ziotelako. Berak ez zuela betiko esan, esaten zuen; mendiko baizik», gogoratu du Euxebio Igartzabal bertsolari gabiriarrak, Lazkao Txikiren lagun eta bertsokideak. HITZAn aurreko astean argitaratutako bertsoan betiko irakurri ondoren gogoratu eta aipatu du Igartzabalek Lazkao Txikiren pena.
Atauniker elkartekoak ere akatsaren jakinaren gainean zeuden, eta zapatuan konpondu zuten hutsegitea, «heriotzaren aurreko egunetan Lazkao Txikik esan bezala». Haren ilobak eta familiartekoak ekitaldian izan ziren, plaka bistaratzen. Bihotzez eskertu dute ekimena.
Krezentzio Imaz hargina, Joan Eskisabel eta beste langileak ere oroitu dituzte. Bertso zahar-berritua kantatuz eta hamaiketakoa janez bukatu zuten.