Legazpiko Udalaren enkarguz 5-11 urteko haurren beharren azterketa egin du. Udal lantalde batek epe ertainean txostenetik egingarria izan daitekeena aztertuko du
Legazpin nahiz bailaran haurren esparruan lanean ari diren eragileekin, gurasoekin eta 5-11 urte bitarteko haurrekin egindako landa lanean adin tarte horretako ume legazpiarren beharrak aztertu ditu Lorratz elkarteak Legazpiko Udalaren enkarguz. Aurkeztu berri duten txostenean Udal Haur saila sortzeko gomendioa egin diote udalari. Haurren parte hartze zuzena bideratuko duen Haurren Kontseilua eratzea ere gomendatu diote udalari. Udaletik adierazi dutenez, lan talde bat osatuko dute txostenak jasotzen dituen beharrak aztertu eta epe ertainean egingarri direnak zeintzuk diren aztertzeko. Haur sail bat sortzeak bestelako lanketa bat eskatuko lukeela adierazi dute.
Hainbat dira Lorratzek egindako azterketan haurrek nahiz gurasoek egindako eskakizun zehatzak. Besteak beste, honakoak dira: iturri eta komun gehiago haurrek erabiltzen dituzten espazioetan, kirola egiteko gune libreak, leku estaliak jolas librerako, adin tarte ezberdinetarako egokitutako haur parkeak, hirigintzan haurren beharra aintzat hartzea, garraio publikoa haurren beharrei egokitzea, auzoei baliabide gehiago eskaintzea eta naturarekin hartu emana errazteko ekintzak antolatzea. Azpiegiturez gain, zerbitzuen alorrean ere zenbait es- kaera egin dituzte. Batik bat, dauden zerbitzuen arteko elkarlana eta topaketa erraztea eskatu dute, baita zerbitzu euskalduna, inklusiboa eta berdintasuna sustatuko duena izatea.
Herriko guraso elkartea sortzeko eskaera ere mahai gainean jarri dute, baita arriskuan egon daitezkeen adin txikikoen detekziosistema hobetzen jarraitzea ere. Sormena, irakurzaletasuna eta kulturaren espresioari bultzada ematea ere eskatu dute.
Denbora librearen beharra
Lorratz elkarteak bere txostenean Legazpiko haurren beharrak aletu ditu. Xehatu dituen behar guztien artean 5 eta 11 urte bitarteko haurren denbora librearen beharra dago. Eskolaz kanpoko ekintza gehiegitan parte hartzen dutela diote, gehienek bizpahiru ekintzatan parte hartzen dute; lau edo gehiagotan ari direnen kopurua nabarmena da.
Gero eta familia gehiagok dauka laguntza ekonomikoen beharra
Txostenaren arabera Legazpiko gero eta familia gehiagok dute laguntza ekonomikoen beharra eta oparotasunean bizi diren eta beharrak dituztenen arteko familien arteko arrakala handituz doa. Iaz 5-11 urteko haurrak dituzten 23 familiek jasotzen zuten Lanbideren Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta eta 12 familiek Gizarte Larrialdietarako Laguntza.
Txostenak jasotzen duenez, larrialdietarako laguntzen aurrekontua erdira murriztu du Eusko Jaurlaritzak, beharra duten familia kopuruak etenga-bean gora egiten duen bitartean. Diru laguntzak jasotzen dituzten familien gehiengoaren jatorria ez da atzerritarra.
Iaz esku-hartze zerbitzuetan sei familiek parte hartu zuten. Udaleko gizarte zerbitzuan haurrentzat nolabaiteko laguntza eskatzera doazen gurasoen gorakada sumatu dute.
Epe motzean derrigorra izango da, udal gizarte langilearen arabera, detekzioa eta arreta goiztiarra bultzatzea. Babesgabezia egoeran dauden haurren kasuan, arreta ere hobetu beharko litzatekeela jaso dute txostenean
2016ko erroldaren arabera, 5 eta 11 urte arteko 593 haur bizi dira Legazpin. Mutilak (%53,46) neskak baino gehiago dira (46,54). Haur gehienak herrigunean eta Hegialden bizi dira.
Legazpiko haurren %4,14 atzerritik iritsitakoak dira, 24 ume. Jatorriz gehienak Marokoarrak dira, Pakistan, Italia, Errumania, Portugal, Nikaragua, Kolonbia, Argentina eta Herbehereak dira beste jatorriak.
Euskararen erabilerak gora egin du azken urteetan, izan ere, gehien erabiltzen dutenak haurrak eta gazteak dira. Euskara sustatzeko errefortzua eskaintzen da eta ikasturte honetan 14 haurrek erabiltzen dute zerbitzua.