Imanol Lasa diputatuak dinamika aurkeztu die eskualdeko enpresa, elkarte eta udaletako ordezkariei. Goierri Fundazioan egindakoa, Goiekik antolatutako saioa da
Etorkizuna Eraikiz dinamikaren lan ildo estrategikoak eta horren barruan onartutako proiektu nagusiak partekatu zituen atzo Foru Aldundiak, Goierriko enpresa, elkarte eta udaletako ordezkariekin, Goieki garapen agentziak antolatutako lan saioaren testuinguruan. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak dinamikaren xehetasunak azaldu zizkien Goierri Funda-zioan burututako ekitaldian.
Goierriko eragile diren Indar, Orkli, Ampo, Arcelor edo Gune enpresetako ordezkariak, Caritas eta Sare Fundaziokoak, Goiekikoak, Goierri Fundazioko Enplegu Zerbitzua eta Beasain, Ordizia eta Lazkaoko alkateak izan ziren hitzorduan. Aldundiaren aldetik, Lasaz gain, Antton Tomasena Sustapen Ekonomikoko zuzendaria eta Belen Larrion Haurren Babeseko eta Gizarteratzeko zuzendaria ere bertaratu ziren.
Gipuzkoako garapen agentzia guztiekin sektorekako topaketak egiten ari da Aldundia, eskualdez eskualde, Etorkizuna Eraikiz gizarteratzeko estrategiaren barruan, lurraldeko eragile nagusiak inplikatzeko. Enpresekin ez ezik, lan saioak egingo dira gizarte politiketako elkarteetako ordezkariekin, eta baita beste esparruetakoekin ere, lurraldearen etorkizuneko erronkei modu partekatuan aurre egiteko estrategian partaide izan daitezen hainbat arlotan: zibersegurtasuna, adinekoen arreta, elektromugikortasuna, garraiorako azpiegiturak, edota liburutegi eta kultur zentroen eraberritzea.
Elkarlana oinarri
Lasak nabarmendu zuenez, Etorkizuna Eraikitzen egitas-moaren bitartez gorpuztutako lanerako molde berria «ez da koiunturala, estrukturala baizik» eta «gelditzeko iritsi» dela gehitu zuen.
Molde horrek, erakundeen eta arlo guztietako eragileen arteko etengabeko elkarlana eta esperimentazioa ditu oinarri, proiektu berritzaileak abiarazteko. Ildo horretan, «ezinbesteko bidelaguntzat» jo zituen garapen agentziak, eskualde guztietan egiten duten lanagatik, jarduera ekonomikoa sustatzen eta enpresei eta ekintzaileei babesa eskaintzen, proiektu berriak martxan jartzeko «gero eta testuinguru lehiakorrago eta aldakorragoan». Horren harira, «haien gertutasuna oso garrantzitsua» dela nabarmendu zuen Lasak.
Goierri eredu
Industrian eta enpresa txiki eta ertainetan jarri zuen azpimarra diputatuak, «gure ekonomia sarearen eta lanpostuen sorreraren bihotza direlako». Industria sektoreak Gipuzkoaren BPGaren (Barne Produktu Gordina) %28 ekoizten du, 74.000 laguni ematen die lana eta bere produktuaren %83 esportatzen du.
Eredu gisa jarri zuen Lasak Goierri, Gipuzkoan langabezi tasa baxuenetakoa duen eskualdea dela %9tik azpikoa eta industriak langileen erdia baino gehiago barne hartzen duela gogoraraziz. «Ezinbestekoa da ekonomia ehun lehiakorra edukitzea, bizi kalitatea bermatzeko eta aberastasuna modu egokian banatzeko», gehitu zuen. Horretarako, «erakunde, enpresa, unibertsitate eta gizarte antolatuaren arteko elkarlana ezinbestekoa» dela nabarmendu zuen.
Horren adibide da Goierri Fundazio Eskolaren barruan egin zen apustua: indarrak batzea ekonomia sustatzeko eta eskualdea garatzeko, pertsona erdigunean jarrita. Eta hori da hain zuzen, «Aldundia, Etorkizuna Eraikiz egitasmoarekin egiten ari dena», azaldu zuen Lasak.
Integrazio proiektua
Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren aterkipean, proiektu nagusietatik harago, Aldundiak beste 1.350.000 euro bideratu ditu 2016an eta 2017an. Horren barruan, Goierriko eskualdean norbanakoan oinarritutako ekosistema sozial bat sortuko du Goiekik. Horretarako, eragile guztien giza baliabideak, baliabide fisikoak, ezagutzakoak eta harremanekoak uztartuko ditu.
Helburua da ekosistema sozial egoki bat sortzea, eskualdeak etorkizunean izango dituen erronkei erantzungo diena, hala nola baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonen integrazioa, zahartzea eta genero desberdintasuna.
Langileen partaidetza
Azkenik, Orkli Group-eko giza baliabideetako arduradun Asier Lekuonak, enpresan langileen partaidetza sustatzeko Aldundiaren babesarekin martxan jarritako ekintzak azaldu zituen. Egunerokotasunean komunikazioa «beste era batera» planteatzeko lanean dihardute, «aldebakartasunean edo hierarkian oinarritutako ikuspegiak» atzean utzita.
Lekuonak esandakoaren arabera, erabakietan, informazioaren kudeaketan, eguneroko lanean eta kapitalean langileak aintzat hartzeak «konpromisoa eta jarrera eraikitzaileak sendotzen ditu, laneko giroa hobetzen du, talde kohesioa areagotzen du, eta hori guztia lehiakortasunerako elementu oso garrantzitsua da».