Kirolariak banaka, binaka eta taldeka arituko dira. Ibilbidea iazko bera izango da. Elkartu Nahi klubekoek 80-90 kirolarik parte hartzea espero dute
Larunbat honetan Zegamako bigarren mendi duatloia egingo dute. Aurten ere Euskal Herriko mendi duatloi zirkuiturako puntuagarria izango da. Azkenaurreko proba izango da. Azkena Getarian egingo dute, hilaren 19an.
Ibilbidea iazko bera izango da: hasieran 4,4 kilometro egingo dituzte korrikan, ondoren 14,92 bizikletan eta, bukatzeko, beste 1,46 korrikan. Parte hartzaileak banaka, binaka eta taldeka arituko dira.
Binakako lehiaketan, batek korrika egingo du eta bestea bizikletan ibiliko da. Taldeka, berriz, taldeko hiru onenen denbora hartuko da kontuan. Hiruen denbora gehitu egingo da.
Proba amaieran, parte hartzaileek eta ikusleek Lumagorri oilaskoen pintxoak jateko aukera edukiko dute.
Sariei dagokienez, berdinak izango dira gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat: lehenengoak 120 euro eta oroigarria jasoko ditu, bigarrenak 80 euro eta oroigarria eta hirugarrenak 50 euro eta oroigarria.
Bikoteei eta taldeei dagokienez, irabazleei oroigarriak emango dizkiete eta hurrengo proban doan parte hartu ahal izango dute.
Parte hartu nahi dutenek
kirolprobak.com webgunean eman dezakete izena. Gaur gauean itxiko dute Internet bidez izena emateko epea. Larunbatean bertan ere izena eman ahal izango da, irteera puntuan.
Proba hau Elkartu Nahi taldeak antolatu du, Zegamako Udalaren laguntzarekin. «Iaz 80-90 kirolarik parte hartu zuten eta aurten beste horrenbestek parte hartzea espero du», esan du Aitor Perez Arrieta txirrindulariak.
Ibilbidea iazko bera izango da. «Zailtasun teknikoren bat jartzea pentsatu dugu, baina azkenean bere horretan utzi dugu. Hala, jendea lasaiago etorriko da eta beldur gutxiagorekin arituko da. Ibilbide erraza da, teknikoki oso iaioak ez direnentzat egokia».
Elkartu Nahi taldea
Perez Arrietak parte hartzeko asmoa du. «Aurten ez naiz buru-belarri aritu, baina lasterketa pare batean ibili naiz. Duela bi aste aita izan nintzen eta ez dut Zegamako proba prestatzeko aukerarik izan», aipatu du. Zegamako taldeak Euskal Herriko zirkuitua irabazi zuen iaz, baina aurten ez daude sailkapenaren goialdean.
Elkartu Nahi taldeak, mendiko duatloiaz gain, txirrindulari lasterketak eta San Silbestre eguneko krosa antolatzen ditu.