Euskal Herriko Bertsolari txapelketa jokatzen ari da Iñaki Apalategi (Beasain, 1982), bigarrengoz. Finalaurrekoetako lehenengo saioa du etzi Durangon; finalerako borrokan sartzea du helburua.
Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen itzuliko azkeneko final aurrekoa jokatu da igandean, 17:00etan, Durangon (Bizkaia), Landako gunean. Iñaki Apalategi beasaindarrarekin batera, Idiazabalen bizi den Oihana Iguaran, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Miren Amuriza eta Miren Artetxe ariko dira nor baino nor. Durangoko saioaren ondotik jakingo da bigarren itzulira sailkatuko diren bertsolariak zeintzuk izango diren; 24 bertsolarietatik 18 pasako dira bigarren itzulira. Saioko sarrera guztiak salduta daude.
Euskal Herriko txapelketa nagusiko lehenengo kanporaketa Leitzan jokatu zenuen.
Leitzan oso ondo, oso erraz aritu nintzen. Txapelketa batean jardun naizen errazen, nik uste dut. Eskapada bat izan nuen bakarka, baina ordurako tarte handiarekin nindoan eta erraz sartu nintzen. Gustura geratu nintzen.
Puntuazio altua lortu zenuen eta lehenengo finalaurrekoa etzi daukazu, Durangon.
Eta ea azkena ez den, denok ez baikara bigarren itzulira pasako.
Izen handiak daude etziko kartelean zeurearekin batera: Aitor Mendiluze, Jon Maia, Miren Amuriza, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran.
Lehen zeuden denak onak ziren, eta orain daudenak hobeak. Finalistak izan direnekin aukera berdintasunean lehiatzea handia da. Guk ibilbide luzea egin behar izaten dugu eta tartean erortzeko arrisku handiak edukitzen ditugu finalaurrekoetara ailegatzeko. Horrek esan nahi du, aukera gutxi izaten dela horrelako jendearekin parez pare lehiatzeko. Egia esanda, motibazio berezia da.
Abantaila izango da bertso lagunak goi mailakoak izatea.
Bakoitzak edukiko ditu bere lehentasunak, baina nik beti pentsatzen dut zenbat eta bertsolari hobea eduki parean, hobea izaten dela. Bai laguntzeko, edo bide berriak irekitzen dituelako… Azkenean, jokoa ematen duen jendea izaten da. Lagunak edukitzea, beti ona da. Kasu honetan ez dago bikote txarra izatearen arriskurik, alde horretatik lasai joateko moduko boskotea da.
Egin beharreko lanetan, zeinetan moldatzen zara egokien?
Besteek esaten dute, puntuak erantzuten ditudala ondoen. Ez dakit. Azkeneko urteetan bakarka hobetu dut asko. Garai batean nire puntu ahula zen, baina orain bakarka atera izan dut puntuaziorik altuena. Nik uste dut, txapelketako maila horretan dena egin behar dela nahiko ondo. Ona daukaguna da batzuk, edozein ariketatan jo dezakegula goia; eta hori ona da. Azkenean 15 aukera [15 bertso] dauzkagu. Lan guztietan joango naiz zerbait ona uztera.
Bakarkakoan nola hobetu duzu? Prestakuntza berezirik egin duzu?
Prestakuntzak izan dezake zerikusia baina nik uste dut norberaren garapenak eragiten duela. Kontatzeko daukazun mezua, zerbait berria eskaintzea… Azkenean, bertsotan teknika bat garatzen duzu baina hortik aurrera zuk berez esateko daukazun hori da. Hori garatzen doan heinean, emaitza ere garatzen doa. Kasu honetan, aurrerapauso handiena hor egin dut. Bakarkakoan gora egiten denean, normalean ariketa guztietan egiten da gora.
Gainerakoan, txapelketa nola prestatu duzu?
Garai fuertenean, hiru elkarketa egiten ditut: bat, Oiartzunen, Jon eta Alaia Martinekin, batez ere; bestea, Aitor Sarriegirekin Beasainen; eta hirugarrena, nire kuadrillako Mikel Urteagarekin. Bakarkako gaiak jartzen dizkit; komentatu, zuzendu… Nik uste dut dezente aportatzen didala. Orain dela sei urte hasi nintzen Urteagarekin Gipuzkoako txapelketa batean, eta orduan hasi nintzen bakarkako lanean gora egiten. Harrezkero, beti lortu izan dut puntu asko lortzea eta jendea gustora uztea.
Etxeko lanak eginda zoaz, beraz. Zeri diozu beldurrik handiena?
Ez dakit, nik beldurrik gabe joan nahi dut. Espero ez dudan zerbait gertatzen bada, ikusiko dugu nola ateratzen garen. Beti daukazu kezka egokituko zaizkizun gaiekin, edo egun horretan izango duzun tenplearekin… baina ni konfiantza dezenterekin noa. Gauzak ondo egiten dituzula ikusita, beldurrez ezin gara joan.
Zein helbururekin zoaz Durangoko saiora? Bigarren finalaurrekora pasatzea?
Nik uste dut pasatze hutsak gutxi balio duela. Pasatzen bazara baina erabat atzean gelditzen bazara, beste modu batera hartu beharko duzu hurrengo saioa, eta hala ere, agian gozatuko duzu. Baina behin hemen egonda, lehenengo fasean maila hori emanda, nik uste dut finalerako borrokan behintzat pasatzea badela helburua. Ez dakidana da birtualki finalean edo finaletik kanpo, baina bigarren finalaurrekora borrokatzeko moduan pasatzea da helburua. Espero dut akats gutxiko saioa egitea, eta tarteka asmatzea, eta horri esker, jendeak gozatzea eta puntuazio ona lortzea. Hori litzateke arratsalde borobila. Eta nik gozatzea, noski; gozatzen ez badut, ez da punturik iritsiko.
Abenduaren 17a gero eta gertuago dago. Goierritarrik izango al dugu finalean?
Nik uste dut goierritarren bat ikusiko dugula finalean, eta bat baino gehiago egotea gustatuko litzaidake. Aitor oso ondo kokatuta geratu da. Besteok ikusiko dugu zer egiten dugun, baina aukerak badaude.
Euskal Herriko txapelketako oholtza horrek inpresio handiagoa egiten al du?
Niri gustatzen zait, aukera oso polita izaten da egindako lana eta daukazun maila erakusteko. Errespetoa neurri batean bai, baina niretzat,bete behar bat baino gehiago, aukera bat da.