'Memoria eraikitzen' zikloa antolatu du Legazpiko Bizikidetza mahaiak
Xuban Intxaustiren 'In dialogue' filma emango dute gaur, eta ondorengo zineforuma Paul Riosek gidatuko du. Gaur zortzi 'Glencree' eskainiko dute. Emanaldiak kultur etxean izango dira
Legazpiko Bizikidetza mahaia udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako kideek osatzen dute. Dagoeneko urte t’erdi da lanean hasi zirenetik eta bakean zein bizikidetzan sakontzea dute helburu. Diotenez, egiten ari diren lanaren emaitza da aurreko azaroaren 10ean Memoriaren Egunean egindako elkarretaratzea eta adierazpen komuna. Ez da emaitza bakarra. Gaurko eta datorren astearterako Memoria eraikitzen lelopean zine emanaldi bana antolatu dute.
Ez dira zine emanaldi soilak zine forumak baizik, non eztabaidarako tartea irekiko duten. Gaur, Legazpiko Kultur Etxean, 19:00etatik aurrera In dialogue dokumentala eskainiko dute. Xuban Intxaustik iaz ondutako dokumentala da. Dokumentalaren gidaria Sira Abenoza filosofoa da. Abenozaren premisa gertatzen diren gatazka gehienak elkarrizketa faltaren ondorio direla da.
Premisa horretatik abiatuta, Abenoza aspaldi hasi zen maila sozial zein ekonomiko, jatorri nola pentsaera ezberdineko jendea elkartzen eta hizketan jartzen. Filosofoaren metodoa elkarrizketa sokratikoa da, hau da, galderak erabiltzen ditu. Bere metodoa munduko hainbat tokitan frogatu ondoren, Ipar Irlandako gatazkara lotu, eta mahai berean IRAko eta talde paramilitar unionistetako kide ohiak elkartu zituen, baita soldadu britainiar bat eta polizia ohi bat ere. Abenoza gidari, guztien arteko elkarrizketa nola ehuntzen den erakutsiko du Belfasten (Irlanda) grabatutako dokumentalak.
Paul Rios zineforumean
Gaur, dokumentala ikusi eta gero, Paul Rios bakearen aldeko ekintzaileak zine foruma gidatuko du. Rios gaur egongo den tokian jarriko dira gaur zortziko saioan Axun Lasa eta Iñaki Garcia.
Axun Lasa Joxean Lasaren arreba da eta Garcia Corderoren semea da Iñaki Garcia. Biak gatazkaren biktimak dira; bakoitza alde batekoa, alderik balego. Biek Glencree-ko (Irlanda) egitasmoan parte hartu zuten euskal gatazkaren beste biktima batzuekin batera. Irlandan egindako lanaren zati bat izen bereko dokumentalean jaso zuen Maite Ibañezek, eta 2013an aurkeztu zuen.
Ekimena 2007an abiatu zuen orduko Eusko Jaurlaritzako Terrorismoko Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak. Lehenengo aldiz gatazkaren biktima ezberdinak bildu zituzten. Lau urtez iraun zuen esperientziak; urte haietan guztietan hogeita hamar bat biktima elkartu ziren eta zenbaiten artean lotura sendoak sortu dira. Dokumentalak hainbat biktimen, proiektuaren arduradunen eta talde teknikoko zenbait kideren lekukotzak jaso zituen. 2012an amaitu zen egitasmoa.
Glencree dokumentala hilaren 21ean emango dute kultur etxean, 19:00etan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.