Bertsoa, musika, kantua eta proiekzioak uztartuko ditu 'Artxipielagoa' ikuskizunak
Andoni Egaña bertsolaria, Belen Ibarrola artista, Ainhoa Garmendia sopranoa, eta Pello Ramirez, Garikoitz Mendizabal eta German Ormazabal musikariak izango dira bihar Beasainen
Ainhoa Garmendia soprano eta Pello Ramirez txelo jotzaile goierritarrek, Andoni Egaña bertsolariarekin, Garikoitz Mendizabal txistulariarekin, German Ormazabal piano jotzailearekin eta Belen Ibarrola artistarekin gaitasunak eta ametsak batu dituzte Artxipielagoa izeneko ikuskizuna osatzeko. Bihar, 20:00etan, Beasaingo Usurbe antzokiko oholtzan elkartuko dira, atzoko eta gaurko euskal abesti klasi-koak eta modernoak uztartzeko. Andoni Egañaren gogoetak entzuten, musika entzuten, nahiz kantuan parte hartuko dute ikusleek.
Andoni Egaña esatari lanetan ariko da, irla eta artxipielagoen inguruko hausnarketa-hitzaldia eginez. Musikaren eta kulturaren inguruko beste hainbat gogoeta ere eskainiko ditu, beti ere Garmendia, Ormazabal, Mendizabal eta Ramirezen musikarekin batera, eta Ibarrola arte zuzendariaren irudi eta bideoen proiekzioarekin.
Ukitu klasikoa izango du lehenengo atalak, eta euskal kultura ondare klasikoko abestiak eta abesti herrikoiak eskainiko dituzte: Joxe Mari Iparragirre, Felix Telleria, Gabriel Olaizola, Jose Antonio Donostia, Bruno Imaz, Jesus Guridi… Bigarren atalean, berriz, abesti berriagoak joko dituzte: Oskorri, Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Karlos Gimenez, Ken Zazpi, Itoiz… Xabier Otaolea arduratu da moldaketaz, eta ordu eta erdi iraungo du emanaldiak.
Sarrerak salgai
Sarrerak 15 euroan daude salgai, Usurbe antzokiko leihatilan eta Kutxabanken webgunean.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.