Lantegiaren egoera ekonomikoak diru atal bat gizarte ekintzara bideratzeko aukera eman die. Legazpin gizarte mailan lanean ari diren elkarteak lehenetsi dituzte
CIE Automotive multinazionalak Legazpin duen lantegiko ateak Atzegiko eta Nagusilaneko boluntarioak hartzeko ireki zituen atzo. Enpresak gizarte gaiei begiratu die eta diru saria eman die Legazpin aspaldian lanean ari diren bi erakunde horiei. Zenbatekoa ez zuten esan. Lehenengo aldia da CIEk Legazpin la-nean ari diren gobernuz kanpoko erakundeak diruz laguntzen dituena. Ekintza horrek bi esanahi ditu: alde batetik, enpresa beraren egoera ekonomiko onaren isla da; bestetik, gertuko duten Legazpiko gizarteari keinu bat egitea ere bada.
Bulegoak dauden hirugarren solairuko gela batean hartu zituzten Legazpiko Nagusilaneko Manuel Fernandez eta Jose Ramon Hernandez boluntarioak, baita Atzegiko Nino zein Joel Hernandez eta Oscar Carcedo ere.
Hitza hartu zuen lehenengoa Asier Balentziaga izan zen, CIE Automotive Legazpiko zuzendaria. Balentziagak enpresaren gaineko datuak eman zituen eta, bide batez, diru sariak ematearen zergatia arrazoitu zuen. Legazpiko euskal kapitalez osatutako multinazionalaren barruko lantegia dela azaldu zuen, mundu osoan lanean ari direla eta dibertsifikazioa produktuei nola kokalekuei dagozkiela. Bezeroak eta teknologia ere anitzak direla nabarmendu zuen. Legazpin forjaren alorra lantzen dute.
Lantegiaren egoerari buruz atzera begirakoa egin zuen: «Orain hamar ute egoera zailean geunden. 2011n egoera horri buelta ematen hasi ginen eta orain zazpi urte estrategia-plan baten barruan lanean ari gara. Langile guztien esfortzuari eta CIE Automotive taldearen babesari esker, egun egoera hobea-goan gaude».
Egoera hobeago horren testuinguruan kokatu zuen diru sari horien nondik norakoa: «Gure inguruan dagoen komunitateari aitortza bat zor geniola pentsatu genuen, eta ekarpen ekonomiko bat egitea bide egokia iruditu zitzaigun».
Diru sari horiek ematerakoan gizarte mailan lanean ari ziren erakundeak lehenetsiko zituztela adostu zuten, bigarren tokian kultur jarduerak oinarri dituzten elkarteak kokatu zituzten eta hirugarrenean, kirol munduan ari direnak. Hautagaitzak egiteko tartea ireki zuten eta lantegi bertako langileen bitartez hautagaitzak aurkeztu dira. Sei hautagaitzatatik Nagusilan eta Atzegi aukeratu dituzte.
Testigantzak
Legazpin Nagusilanen 57 boluntario ari dira lanean. Santikutz egoitzan nola eguneko zentroan dauden egoiliarrei konpainia egiten diete. Irri bat marraztu eta alaitasuna transmititzen saiatzen direla esan zuten Hernandezek eta Fernandezek. Elikagai bankuaren kudeaketa eta beste lan batzuk ere egiten dituzte. CIEk emandako dirua Legazpiko Santikutz jaien atarian ospatuko den Nagusilanen Egunerako baliatuko dute. Atzegik datorren urteko maiatzean Legazpin egingo duten txolarteen topaketarako erabiliko du diru ekarpena. Gutxitasun intelektuala duten pertsonen senideek sortutako elkartea da. Pertsonon bizi baldintzak hobetzea da elkartearen xedea. Boluntarioen lanak elikatzen ditu bi elkarteak.