Musika eskolek musikariak kalera aterako dituzte Goierriko hainbat herritan. Santa Zezilia bihar da, baina musika doinuak aste osoan barreiatuko dira Goierri osoan
Santa Zezilia eguneko kontzertua egin dute asteburuan Legazpiko Musika Bandak, Santikutz abesbatzak, Alaitasuna errondailak eta Goiz Deia txistulari taldeak.
Bihar Santa Zezilia da, musikarien eguna. Urtero bezala, Goierriko musikariak kalera aterako dira eskola zein entsegu tokietan egiten duten lana erakustera. Ekitaldi bakanen bat egin dute jada Goierriko herriren batean, Zerain kasu, baina ospakizun gehienak gaur hasiko dira.
Tobera musika eskolakoak Zegaman
Aizkorpe bailarako herrietako Tobera eskolako musika ikasleak Segurako aterpetxean egingo dute kontzertua etzi. Helduen talde hasi berri batek parte hartuko du kontzertuan, eta Iker Zubeldia bertsolari zegamarrak berariaz egindako koplak kantatuko dituzte Toberako ikasleek. Toberak Zegama eta Segura lotzeko autobus zerbitzua jarriko du ikasleentzat. Zegamatik Segurara joateko 17:30ean izango da autobusa Eroski parean. Seguratik Zegamara itzultzekoa, Segurako plazatik aterako da 20:20ean.
Legazpin Doinua musika eskolako ikasleak kalera aterako dira gaur, eta Santa Zeziliak Azaroan Musika zikloarekin bat egin ohi duenez, asteburuak beste hainbat musika ekitaldi hartuko ditu. Legazpiko Musika Bandak kide ohiekin batera kalejira eta bazkaria egingo ditu larunbatean. Santikutz abesbatzak Legazpiko Udalaren babesarekin sustatuta, Gasteizko Samaniego koruaren kontzertua izango da larunbatean elizan, 20:00etan. Igandean Goiz Deia taldeko txistulariek kalejira egingo dute 09:00etatik aurrera eta elizak Azaroan Musika zikloko azken kontzertua hartuko du. Hain zuzen, The Lord bikoteak gospela eramango du parrokiara eta Ainhoa Egiguren abeslariak gospel musikaren historiaren errepasoa egingo du 19:00etatik aurrera.
Santa Zeziliaren doinuak datorren astean entzungo dituzte Idiazabalen, izan ere, Ordiziako musikarien bisita izango dute eta Kantujirako partaideekin batera kaleak zein dendak musikaz beteko dituzte azaroaren 30ean, ostegunarekin.
Ekitaldiak herriz herri
Beasain
· Etzi. Musikalean, Bandarekin eta txistulariekin, 18:00etan. Loinaz musika eskolak antolatuta.
· Etzi. Musika eskolako ikasleen kontzertua, 19:00etan, Igartza jauregian.
Idiazabal
· Azaroaren 30, osteguna. Ordiziako musika eskolako ikasleak Kantujirako partaideekin batera kaleak alaituko dituzte.
Lazkao
· Gaur. Kantaka abesbatzaren Santa Zezilia bezperako kontzertua, 18:00etan, San Migel elizan.
· Etzi. Lazkao Txiki musika eskolaren kontzertua eta kalejira, arratsaldean, herrian barrena.
Legazpi
· Gaur. Doinua musika eskolako ikasleak Azokaraino joango dira kalejiran, 17:30ean hasita.
Ordizia
· Gaur. Musikalean kalejira Musika Eskolako ikasleen eskutik, 19:00etan.
· Azaroak 25, larunbata. Ordiziako txistulariak, 13:00etan, udaletxeko arkupeetan.
Segura
· Etzi. Segurako plazatik aterpetxeraino kalejira Tobera musika eskolako trikitilarien eskutik, 18:15ean. Ondoren, kontzertua Toberako ikasleen eskutik aterpetxean , 18:30ean.
Urretxu-zumarraga
· Bihar. Sekundino Esnaola musika eskolako ikasleen kalejira eta txokolate jana plazan, 17:30ean.
· Bihar. Urretxu eta Zumarragako Txistulari elkartearen kalejira, 19:00etan.