Aztiria askoren etxe bihurtu dute
Aztiri erretegiaren arduradun 30 urtean izan ondoren, uztera doaz Maria Jesus Deba eta Juan Ramon Goikoetxea 'Pello'. Txoko maitatua bihurtu da bezero fidelentzat, 'etxeko' janak gozatua.Sabela esker onekoa da. Ondo gobernatuz gero, pertsonak ere bai. ...
Aztiri erretegiaren arduradun 30 urtean izan ondoren, uztera doaz Maria Jesus Deba eta Juan Ramon Goikoetxea ‘Pello’. Txoko maitatua bihurtu da bezero fidelentzat, ‘etxeko’ janak gozatua.
Sabela esker onekoa da. Ondo gobernatuz gero, pertsonak ere bai. Aztiri Erretegian horretan aritu dira azken 30 urtean Maria Jesus Deba (Aztiria, Gabiria, 1959) eta Juan Ramon Goikoetxea Pello (Ergoiena, Ataun, 1955), Enara eta Xabat seme-alabek lagunduta. Publikoarentzat atzo eman zuten zerbitzua azkeneko aldiz; gaur, lagunekin eta bezeroekin agurtuko dute jatetxea, eguerdian helduei eta gauean gazteei otordu bana gonbidatuta.Gabiriako Udalarena da eraikina, auzo-eskola izana. 1987ko martxoan hartu zuten, eta apirilaren 30ean zabaldu zuten, Legazpiko jaietarako. Debak eskarmentu handia zuen ostalaritzan, aurrez; Loiolan (Azpeitia) Amenabar jatetxea kudeatu zuten hiru ahizpak, esate baterako. Goikoetxeak, aldiz, «ikastolako txosnan egotetik aparte» ez zuen esperientziarik.
«Etxeko sukaldea»
Zerbitzu atsegina, janari goxoa eta etxeko erakoa, eta kalitate-prezioan gutxik berdinduko diena izan dituzte Aztiri Erretegia jatetxe estimatu eta maitatu bihurtzeko gakoak. «Etxeko sukaldea egin dugu. Etxean jaten duguna, etxeko erara prestatua, gehigarririk gabe. Natural-natural jartzen dugu jana, eta jendeak hori eskertu du», dio Debak.
Aste egunetan menua eman dute, langileentzat. Asteburuetan, kartan. «Uda indartsua eduki dugu. Baina, bestela ere, astean zehar egunero 35-40 bazkari emateko ez dago inongo arazorik. Lanetik bazkaltzera etorri dena asteburuan familiarekin itzultzen da, eta hori handia da. Etorri egin behar da honaino», gehitu du Debak, Aztiriko gainaren urruntasuna dela eta.
Bezeroak eskertu dituzte: «Jaso dugun tratua gozatua izan da». Asko eta asko, errepikatzaileak izan dira. «Ume ezagutu ditugu asko, gurasoekin etortzen zirela. Eta, orain, beraien umetxoekin etortzen dira. Hori polita da, oso aberatsa guretzat». Oñatiko bezeria handia dute. Brinkolako lauko batek, adibidez, 28 urte darama igandero han afaltzen. Mila istorio txikik handitu dute Aztiriren historia luzea.
Garai zailak ere izan dituzte, «hasierako bost urteak» eta udalak esleipena berritzeko oztopoak jarri zizkiena. Baina landutako sukaldeak eta zerbitzuak fruitua eman zien, azkenean.
Betiko sukaldaritzako erreferentzia bat izan dira. Aztiriko eskalope betea, frijituak, entsalada, gazta-tarta eta etxeko kopa mitiko dira; beheko sua eta hormako kuku-erlojua bezainbat. Egunik itxi gabe aritu dira lanean, 30 urtean, urteko 11 hilez. Baina ez dira geratuko: Mariajek astean jarraituko du; Itsaso Barandiaranek hartuko du ardura, eta hari laguntzen. Pellok, berriz, edari banatzen bakarrik segiko du. Plazera izan da, eta dira.