Trenetik eroritako harritzak eragindako kalteak aztertzen ari da oraindik udala. Erasandako 17 ibilgailuez gain, kiroldegia eta etxebizitza bat ere kaltetu ditu.
Gertatutakoa sinetsi ezinda jarraitzen dute oraindik Ormaiztegin. Sustoa pasa berritan, kalteak neurtzeko eguna izan zuten atzokoa. Aparkalekuan zeuden 17 ibilgailuez gain, udal kiroldegiaren eta inguruko etxe baten teilatua kaltetuta gelditu dira. Gertatutakoa jakiteko Adifen txosten ofizialaren zain badaude ere, antza denez harriak zeramatzan bagoiaren ate edo lehiatila batek huts egin zuen, eta horregatik erori zen karga guztia zubitik behera.
Atzo goizean Adifeko arduradunekin hitz egin zuela azaldu du Jon Enrique Ormaiztegiko alkateak, eta «Adifen edo Renferen bitartez, baina beraien asegurua» kargu egingo dela agindu diote. Herrian izandako kalteei dagokionean, atzo kiroldegiaren sabaia aztertu zutela eta «udal aparejadoreak txostena» egin duela azaldu du. «Kalteak handiak ez badira ere, duela zortzi hilabete sabaiari emandako inprimazioa altxatu egin da zenbait tokitan, eta berritu egin beharko da».
Kaltetutako kotxeen jabeei dagokionean, Ertzaintzak atestatua egin duela azaldu du alkateak. Hemendik aurrera, «bakoitzak bere aseguruaren bidez» egin beharko du salaketa, baina «Ertzaintzaren txostena alde» izango dutela gogorarazi du.
Astelehen iluntzean izan zen ezbeharra, 20:00ak aldera. Ormaiztegiko zubi gainetik zihoan tren batek karga galdu eta zubipean dagoen aparkalekura erori ziren harriak. Zubiak 30 metro inguruko altuera du, eta haren azpian zeuden autoek kalte handiak izan zituzten, kristalak puskatu eta txapan mailatu ugari izan baitzituzten. Lehen momentuan 30 bat auto izan zitezkeela zabaldu bazen ere, kaltetutakoak 17 izan direla zehaztu du Herrizaingo Sailak. Gertakarien unean ez zebilen inor aparkalekuan, eta ez da zauriturik izan.
Aparkalekua ez ezik, kiroldegia eta herri eskola ere zubipean daude, eta atzo ingurua garbitzen aritu ziren. Astearte gauetik asteazken goizera arte, Gabiriara doan errepidea ere itxita egon zen, baina inguruan garbitu ondoren, zabaldu egin zuten berriz. Foru Aldundiko teknikariak gau osoan aritu ziren garbiketa lanetan, eta goizean eskola ere normaltasunez zabaldu ahal izan zuten.