Neguko giro sanoan, garaiko barazkien eskaintza freskoa elur kontuak hizpide direla oraindik. Tomate urdina eta oilasko erreak dira azken asteotako berrikuntza nagusiak.
Goiz hotza baina argia, eta inor gutxi kexatu zen. 4 eta 10 gradu ar-tean igaro zen atzoko feria goizean goizetik eguerdira arteko orduetan. Elurraren aparteko eraginik ez zaie nabari barazkiei, baina bakoitzak bere erara bizi izan du. «Bruselazak, pisuarekin erabat okertu, tapatu eta hortxe aritu naiz landareak astintzen bilduko banitu» zioen Arantxa Zurutuzak; «Lodi eta denbora gutxian ikaragarri bota zuen, Gaztelutik Zalbibiara ezin itzuliz gelditu nintzen», berriz, Axun Etxeberriak.
Neguko eskaintzak barazkietan bere horretan dirau (aza, azalore, brokoli, romanesku, zerba, ziazerba, porru, borraja…). Frutetan, berriz, sagarra nagusi, eta kiwi dezente ere bai.
Tomate urdina Granadatik
Hemengo tomatea uda garaian izaten da, bai behintzat aire librekoa. Negutegikoa maiatza eta abendua artean izaten da Ordizian. Merkatuetan, aldiz, urte guztian aurki genezake tomatea. Gehienak Andaluziatik ekarritakoak izan ohi dira. Mota ezberdinen artean estimatuena eta garestiena Raf delakoa da (8 eu-roan kiloa). Barbastroko arrosa da bistarako deigarriena, duen tamainarengatik (4 euroan kiloa). Eta azkenik ekartzen hasi diren tomatea da harridura handiena pizten duena: tomate urdina. Jose Luis Amatriainen postuan aurki daiteke: «Gustuko dut produktu berriak ekartzea. Jendeari kostatzen zaio hasieran erostea, baina hau, pentsatzen dut, ondo salduko dela. Oso tomate mamitsu eta azal finekoa da».
Arkumearen prezioak beste koska bat behera egin du eta badirudi honetan egonkortuko dela hemendik aurrera: 3,15 euro + BEZ, beti ere kiloko eta bizirik pisatuta.
Oilasko erreak
Nikolas Lekuona plazan, Barrena etxearen aurrean, astero Marin Narcis Patrascu Lazkaon bizi den errumaniarra oilaskoak erretzen arituko da. Duela aste gutxi hasi zen, eta gustura dago. 13 urte daramatza Euskal Herrian, duela 3 urte furgoneta prestatu eta oilasko erreak, ogitartekoak eta abar saltzen herriz herri azoketan nahiz festetan ibili ohi da. 8 euroan oilaskoa eta 2 euroan patata frijituak, Ordizian astero izango den aukera da. Aurretik enkargatzea komeni da nahi den ordurako prest izango dela ziurtatzeko; momentuan ere hartu daitezke.