Udaleko Hezkuntza sailak antolatuta, Patxi Izagirre psikologoa heriotzaz eta doluaz hitz egiten izan da Legazpin. Sentimenduak adieraztearen garrantzia azpimarratu du
Legazpi oso atsekabetuta dago oraindik iazko abenduaren 30ean gertatutako istripu lazgarriaren ondoren. Egun hartako iluntzean 18 urteko Idurre Aldabaldetreku legazpiarra trenak harrapatuta hil zen herriko tren geltokian. Hunkipena, tristura, amorrua… nagusitu ziren herritarren artean, eta sentimendu horiek airean dabiltza oraindik Legazpin.
Udaleko Hezkuntza sailak legazpiarren saminari aurre egiten lagundu nahian, doluan aditua den Patxi Izagirre psikologo zumarragarra gonbidatu zuen gai horri buruzko hitzaldi-tailerra emateko. Hitzordua pasa den ostiralean zen, kultur etxean. Bertako areto nagusia lepo bete zen, eta asko kanpoan geratu behar izan ziren, gaiak pizten duen interesaren seinale.
Bi minutu isilik eta ilunpean
Aretoko argiak itzali eta bi minutuko isilunea eskatuz hasi zuen saioa Izagirrek, bertan bildutako guztiek nork bere barruarekin konektatu eta sentimenduekin elkarrizketa erraztu asmoz. Bere alaba Anek psikologoa izateko ikasten ari da bera ere apurtu zuen isilunea kantuarekin. Aretoan bildutakoak hasita zeuden ordurako bere barruak askatzen, eta malkoen artean batzuk, lasaiago beste batzuk, heriotza traumatiko hark Idurrerenak eta beste pertsona batzuenak bere bizitzetan eragindakoak partekatzen hasi ziren.
Min jasanezina, amorrua, tristura, errua, beldurra… Sentimenduak zerrendatzen hasi ziren aretoan bildutakoen ahotan. Izagirrek, bitartean, lagundu egiten zien adierazi nahi zuten hura adierazten eta, ahal zuen neurrian, beren galderei erantzuten. Izan ere, dolu kontuetan ez dago guztirako erantzunik.
«Dolua ezin da estandarizatu», zioen, «bakoitzak ditu bere erritmoak eta erritmo horiek errespetatu egin behar dira, baina ibilbide luzeko prozesua da».
Sentimenduan lagundu
Dolua igarotzeko sentimenduak partekatzeak duen garrantzia azpimarratu zuen behin baino gehiagotan Izagirrek, baita umeekin ere, eta horretarako abagune bihurtu zen Legazpiko saioa. Hitzaldi-tailer bat baino gehiago, terapia saioa izan zela zioten partaideetako batzuk.
Amaieran, Anek dantza egin zuen; heriotzaren ondorioak jasaten ari ziren guztiei eskaini zien, «sentimenduan lagundu» egiten ziela adierazteko. Horixe baita egin behar dena: «Doluan lagundu, sentitzen duguna adierazi eta sentitzen dutena azaleratzeko laguntza eman». Adituaren aholkua da.