Larunbat arratsaldez egingo dute Itsasondon kaldereroen desfilea eta ijito-beso jana. Ordizian, goizean botako dute txupinazoa eta egun osoan zehar egitarau bete-betea dute
Kalderero Eguna iaz, Ordizian. Eguerdian umeen desfilea egingo dute, eta arratsaldean helduena.
Inauterien atarian, ijitoek edo kaldereroek hartzen dituzte Itsasondoko kaleak, zartaginak eskuan, jaiak badatozela iragartzeko. Aurten ere, Itsasondoko Guraso elkarteak bihar ospatuko den Ijito Egunerako guztia prest du eta herritar guztiak animatu nahi dituzte mozorroak atera eta zartagiak astintzera.
Ijito besoa egiten, Itsasondon.
Lehenik eta behin, herriko plazan elkartuko dira 16:30ean, eta ondoren ijito-besoa prestatuko dute Bizi Nahi elkartean. Aurreko urteetan sei eta bederatzi metro arteko ijito besoak egin dituzte. Aurtengoa oraindik sorpresa da, baina ziur gertu ibiliko dela. 18:00ak aldera, herriko kaleetan zehar, zartaginak astinduko dituzte. Amaitzeko, afari-merienda egingo dute.
2005. urtean egin zuten lehenengo aldiz Itsasondon Ijito Eguna Itsasondo Sorgineme emakumeen elkarteak antolatuta. Urte hartan, udaletxeko gurdi bat hartu zuten, ijitoz mozorrotu ziren, zartaginak hartu zituzten eskuetan eta arkupean egon ziren musikarekin eta instrumentu inprobisatuekin zarata ateratzen. Harrezkero, ospakizuna handitzen joan da.
Ordiziako Kaldereroak
Bihar Ordiziako Kaldereroen egun handia da eta egun guztirako egitaraua dago prestatuta. 12:45ean botako dute Zozomikotek eta Lamiak txupinazoa. Kalderero txikien desfilea egingo dute jarraian, Plaza Nagusitik.
Kaldereroen paseoa 13:15ean egingo dute, Umore Ona abesbatzarekin. Laguntasuna errondaila, Antxon Imaz eta Joxi Iturrioz ere aterako dira.
Arratsaldean, berriz, Zozomipoteoa eta Zozomikotearen aurkezpena egingo dituzte, Nikolas Lekuona plazan 18:30ean hasita. Ondoren, kaldereroen konpartsaren desfilea egingo dute plazaraino eta han, bukaerako erretreta egingo dute. Dantza eta kantu emanaldiarekin amaituko dute Ordiziako kaldereroen eguna, larunbatean.