Ataungo haurrek sei proposamen dituzte etorkizuneko herrirako
Gipuzkoako Foru Aldundiak 'Haurren erabakia' programa eraman du Ataunera. Joxemiel Barandiaran Eskolako haurrei galdeketa egin diete. Sei aldaketa proposatu dituzte haurrekHaurren erabakia izeneko programa abiarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bertan,...
Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘Haurren erabakia’ programa eraman du Ataunera. Joxemiel Barandiaran Eskolako haurrei galdeketa egin diete. Sei aldaketa proposatu dituzte haurrek
Haurren erabakia izeneko programa abiarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bertan, UNICEFekin elkarlanean, haurren eta nerabeen parte hartzea sustatu nahi da. Horretarako Ataungo Joxemiel Barandiaran Eskolako Lehen Hezkuntzan 5. mailako ikasleei galdetu diete herria nola ikusten duten.Herri mailako zein lurralde mailako lanketa da proiektuaren helburua, eta hori gauzatzeko urtarrilaren 10a eta 11a baliatu zituzten Ataunera gerturatzeko.
Haurren esku hartzea sustatzeko, metodologia parte hartzailea eta dinamikoa erabiltzen dira proiektuan. Lehenik eta behin Egia ala gezurra izeneko joko bitartez murgildu ziren herriaren azterketan, eta ondoren mapa mahai gainean jarri eta herriko planoa aztertu zuten.
Proposamenak mahaian
Landutako gaien artetik, Joxemiel Barandiaran Eskolako haurrek sei alor garrantzitsu azpimarratu zituzten, etorkizunean herriak nolako bilakaera izan behar lukeen kontuan hartuz.
Herriko liburutegia izan zen hobetu beharreko alorretako bat ikasleen aburuz. Ordenagailuak erabiltzeko adina jaistea proposatu zuten haurrek. Hori bai, erabilera egokia izate aldera, ordutegi zehatza izatea egokia litzatekeela esan zuten. Horrez gain, liburuak aurkitzea errazteko, adinka sailkatzea ere proposatu zuten.
Zinemari ere aurkitu zieten hobetzeko tartea. Proiektatzen diren filmak adin tarte zehatzetara bideratzen direla esan zuten. Hori konpontze aldera, filmen inguruan gazteen iritzia jasotzea egokia litzatekeela iritzi zuten.
Eraikinen erabilerak
Ataungo plazan dagoen erakin zaharrak enbarazu egiten dietela haurrei kexatu ziren. Jolaserako espazioa irabazte aldera, eraikina botatzea proposatu zuten.
Eraikinak deuseztatzea ez ezik, eraberritzea ere hautatu zuten Gabilene espazioaz hitz egitean. Graffiti txapelketa bidez apaintzeko aukera jarri zuten mahai gainean ikasleek, itxura triste eta iluna gal dezan.
Ataungo erdigunea eta ibaiaren beste aldeko bi auzoak lotzen dituen bidea euriarekin lokaztu egiten dela kexatu ziren, oinez zein bizikletaz ibiltzeko desegoki jartzen dela.
Azkenik, haurrek, herrian igerilekua izateko nahia azaldu bazuten ere, hori bideraezina denaren jakitun agertu ziren. Aukera desberdinak landu ondoren, egokiena baliabide naturalen erabilera egitea proposatu zuten. Hau da, ibaiaren eremu sakonenak baliatzea, igerilekua ordezkatzeko.