Goiz hotza izan da otsaileko lehen feriarena; elur gilbak ere izan dira tarteka. Horrek jendea atzeratu egin du eta ohi baino beranduago inguratu da. Postu batzuk hutsik ere izan dira.
Denboraleagatik alarmak ozen jo duela eta harridura handirik ez zuen agertzen jendeak ferian: «Entzun dugun adinakoa ez da behintzat», zioten askok. Termometroa 2 eta 3 gradu artean dantzan ibili zen.
Produktuei dagokienez, sagar berri bat aipatuko dugu: Mendiola. Errezilgo Mugarrietako Joxe Antonio Aizpuruk ekarri du. «Guk ditugunetatik hauxe da urteko azken sagarra, azaro hasieran bildu eta ontzen utzi behar da. Oraintxe dago jateko prest». Azal gogor xamarra badu ere, gordina jateko oso ona da, gozoa, baita sagardoa egiteko ere: «Guk, saltzen ez dugunarekin egiten dugu». «Gehien irauten duen sagarra da, errezila baino gehiago» zioen Aizpuruk.
Halako giroarekin pentsa ezina da askorentzat, baina aspaldiko esana da «Egon hadi lo eta jango duk mehe»; hori gertatu ez dadin, udaberrian burua jarrita dute nekazariek. Patxi Arizmendi aramarrak, adibidez, jadanik negutegian 100 kilo patata erein ditu, «gehiena goizekoa, Jaerla motakoa. Ilar berriekin eta jateko prest egon dadin mogitu beharra dago. Gainerakoa, urtekoa, kanpoan beranduago egingo dugu».
Oraindik oso goiz bada ere, inork nahiko balu, Jabier Lacalle aguraindarra enkarguz hasi da ereiteko patata ekartzen.
Arimasgasti behi gazta
Arimasagasti behi gazta ere aipatu beharrean gaude. Joseba Baez duela 6 urte hasi zen Idiazabalen izen bereko bere jaiotetxean behi esnea erosi eta gazta ekologikoa egiten. Laster hasi zen Ordiziara etortzen merkatura ostiraletan hasieran, eta asteazkenetan ere bai geroxeago. Baina egin behar hau utzi beharrean gertatu da, esneak duen osagairen batek sortzen dion alergia dela eta.
Gaztagintzari bai, baina Ordiziako feria honi ez dio agurrik esan hala ere: «Burua beste proiektu batzuetan jarria dut, eta ez da segituan izango, baina ikusiko nauzue oraindik», adoretsu agurtu gaitu Josebak.
Eta atzokoa eta azken asteotakoa ikusita, naturaren agindupean gaudela ezin ukatu. Askotan aipatu dugu, neurriak hartu arren, «naturak azken hitza bere». Eta aurten ere bada bitxikeriarik. Udazkenean aipatu genuen «Ezkur urtea elur urtea» atsotitza betetzen bazen, aurten elurrez ondo behar genuela. Hirugarrenez segidan, hilabete hasieran elurra izan dugu.
Ilargi kontuei dagokienez, bina ilargi bete izango ditugu aurtengo urtarrilean eta mar-txoan, hilaren 2an eta 31an bietan, egutegietan bat ez badatoz ere. Eta otsailak ilargi beterik ez du izango. Eraginik ba ote du honek? Zenbat buru hainbat aburu!