Euskal Herriko Mugimendu Feministak planto egitera deitu ditu emakumeak. Lanuzteez gain bina mobilizazio antolatu dituzte hiriburuetan. Goierrin ere izango dira deialdiak
Rebek Calvo
Goierri-Tolosaldeko LABeko emakumezko lan ordezkariak elkartu ziren atzo, sindikatuaren Tolosako egoitzan, martxoaren 8ko deialdiarekin bat egiteko. «Sindikatuak M8arekin bat egiten du eta antolatzen ari gara. Ez-ohiko greba bat izango da, baina lau orduko lanuzteak deitu dituzte bai goizez eta bai arratsaldez», esan zuen Haizea Mendia LABeko ordezkariak.
Aurrerapausua izango da
Planto egitea garrantzitsua dela nabarmendu zuten eta horregatik egin dutela bat mugimendu feministak egindako deialdi orokorrarekin.
Martxoaren 8ko mobilizazioetan «urrats bat ematea» erabaki dela esan zuten, «mundu mailako deialdi bat» dela eta LABek bere ekarpena egitea erabaki duela aitortu zuen Mendiak.
Martxoaren 8rako asmoa, lau alorretan banatzen da: plantoa kontsumoan, zaitza arloan, ikasleetan eta langileetan ere bai. Emakumeei lotzen zaizkien lan horiek, gutxiago baloratu diren horiek ikustarazteko eguna izango dela jakinarazi zuten.
Arrakala soldatetan
Planto eguna baino lehen, bihar, Soldata Berdintasunerako Europako Eguna denez, horra begira ere jarri dira LABekoak. Eztizen Agirresarobe sindikatuko Zerbitzu Pribatuetako Tolosaldeko arduradunak salatu zuen, enplegutzat jotzen diren lanetan, arrakala ematen dela oraindik.
Azken datuen arabera 2015ekoak gizonezkoen eta emakumezkoen soldaten artean urteko 7.000 bat euroko aldea dago Euskal Herrian. Agirresarobek gaineratu zuen, horrez gain, ordaintzen ez diren lanak ez daudela zifra horien barnean.
Biharkoari begira, lanketa berezia egingo dutela ere aurreratu zuen LABek, eta enpresaz enpresa joango direla lantokietan azterketa erreal bat egiteko eskatuz. «Datu orokorrak ditugu, eta jakin nahi duguna da gure inguruko enpresetan zein egoera ematen den. Eskualde eta herrietan zein desberdintasun dauden ikusi nahi dugu», esan zuen Haizea Mendiak.
Behin LABetik datu horiek jasota, arrakalekin amaitzeko irtenbideak eskainiko dizkietela enpresei aurreratu zuten, zein urrats eman beharko lituzketen esanez.
Goierrin ere mobilizazioak
Martxoaren 8an mobilizazioak egongo direla esan zuten eta horiekin bat egingo dutela azaldu zuen sindikatuak.
Alde batetik ekitaldi orokorretarako deituko dituzte elkarretaratzeak. Hiriburuetan gauzatuko dira batzuk, eta eguerdi zein iluntzeetan lau orduko lanuzteak egingo direnez, 12:00etako eta 20:00etako mobilizazioak indartzeko erabiliko dira tarte horiek. Baina orokorrez gain, ondoren, Goierrin mobilizazio desberdinak egingo direla aipatu zuen Haize Mendiak. Herri bakoitza zehazten ari dela plangintza eta ordutegia adierazi zuen.
Lazkaoko hitzordua gaur
Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin bat egiteko, Lazkaon gaur arratsalderako gonbitea egin dute, 19:00etan. Udaletxeko pleno aretoan gauzatuko den batzar ireki hori, herrian gauzatuko dutena zehazteko baliatuko dute.
Egun horretako greba eskubide berdinak aldarrikatzeko dela esan zuen Mendiak. Greba egunean hartu beharreko ardurez, honakoa aurreratu zuen LABeko ordezkariak: «Guri dagokiguna nolabaiteko geldialdia egitea da protagonismoa lortzeko, lehen planoan egoteko».
Gizonezkoak ondorioz bigarren maila batean geldituko direla aurreratu zuen Mendiak, «zeresan asko» dutela egunerokotasunean, eta beren pribilegioak «albo batera» utzi beharko dituztela gaineratuz. Martxoaren 8an mobilizatzeko aukera guztiek izango dute.