Egunero ikusten diren mezu sexistekin kartelak osatu dituzte Lazkaon. Martxoaren 8ra begira egitarau zabala osatu dute. Berdintasun Batzordeak sustatu ditu ekintzak
Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Lazkaoko Berdintasun Batzordeak martxotik apirilera arteko plangintza prestatu du. Martxoaren 8tik harago joan nahi izan dute, eta bi hilabete horietan zehar elkarretaratzeez gain, tailer eta aldarrikapenerako kartelak sortu dituzte.
Aurrez egindako mezu sexisten bilketarekin amaituta, kartelak osatu dituzte jasotako esaldiekin. Lazkaoko kaleetan zehar ikusgai daude jada. Honen helburua komunikabideetan, publizitatean nahiz sare sozialetan egunerokotasunean argitaratzen diren mezu eta irudi sexistak salatzea da, herriko zenbait txokotan jarriz.
Plazaratu dituzten mezuen artean, kirol munduko esaldi ugari agertzen dira. Kirolariei esleitzen zaizkien esterotipoen inguruko mezuak daude karteletan. Hainbat merkatalgune ezagunen publizitate kanpaina matxistak ere ikus daitezke, baita komunikabide askok emaku-meen inguruan egindako iruzkin sexistak ere.
Ekimenetan parte hartuz
Lazkaoko Udalaz gain, Berdintasun Batzordeak herriko beste eragile batzuekin egin du lan.
Azki emakumeen elkartea tartean da esaterako, baita San Benito Ikastola, Gaztelekua, Gazte Asanblada, Maizpide, Orobione eta Gerriko kultur elkartea ere.
San Benito Ikastolako ikasleek mezu bilketan parte hartzeaz gain, otsailean Irantzu Valera kazetari eta militante feministarekin saioa izan zuten. Maitasun erromantikoaren inguruan jardun ziren Valerarekin. Berdintasunaren inguruko hainbat saioen arteko lehenengoa izan da kazetariarekin izandako hori, eta balorazio ona izan ditu ikastola eta ikasleen aldetik.
Egitarau zabala antolatu da
Ekintza nagusietako bat mar-txoaren 8ko elkarretaratzea bada ere, gainontzeko ekitaldietan parte hartzeko deia egin diete lazkaotarrei, ez dela egun bakarreko borroka aldarrikatuz.
Plazan deitu dute eragileek elkarretaratzea aipaturiko egunerako, 19:00ean, eta ondoren triki poteoan aterako dira. Gazte Asanbladak, bere aldetik, egun horri keinu egiteko, emakumeei dei egin die gizartean gizonezkoei esleitzen zaizkien rol zein lanbidez janzteko.
Emakumearen Nazioarteko Egunaren aurretik hasiko da lanketa ordea. Datorren astean, hilaren 5ean eta 7an, bi hitzaldi eskainiko ditu Yolanda Cerverok menpekotasun emozionalari buruz. Kultur etxeko erakusketa aretoan izango dira zitak, 18:00ean, gaztelaniaz biak.
Mahai inguru bat ere antolatu da martxoaren 21erako. Iaz kirola izan zuen ardatz solasaldiak, aurtengoan
Emakumea eta artea izango da gaia. Artearekin lotura duten Lazkaoko emaku-meen egunerokotasuna azaltzea izango du helburu, Kultur etxean gauzatuko den saioak.
Azkenik, aurrera begira eta San Prudentzio jaien atarirako, apirilaren 14rako eta 15erako autodefentsa feminista tailerra antolatuko da. Martxoaren 28rako beharrezkoa izango da izena ematea udaletxeko harreran edo
udala@lazkao.eus helbidera idatzita. Ikastaroko partaide kopurua mugatua izango da, gehienez 20 pertsona saio bakoitzean. Ondorioz, kopuru hori gaindituko bailtz, zozketa bidez erabakiko da nortzuk hartuko duten parte.