Urbeltz tabernakoek antolatuta hiru pilota partida jokatuko dira gaur. Bihar Udaberriko Sariari dagozkion finaletako batzuk izango dira Legazpiko pilotalekuan
Aritz Lasa pilotari urretxuarra.
Legazpiko pilota zaleek hainbat hitzordu dituzte gaur eta bihar Urbeltz pilotalekuan. Gaurko jaialdia Urbeltz taberna kudeatzen ari diren Zerki enpresakoek antolatu dute eta hiru partida hartuko ditu. Biharkoan, Gipuzkoako Pilota Federazioak antolatutako Binakako Udaberri Sariari dagozkion hainbat final hartuko ditu pilotalekuak.
Gaurkoan, 22:00etan hasita, Txapelketa Herrikoien desafioa jokatuko dute lehenengo. Urretxu-Zumarragako Gaztetxeko txapelketako irabazle Babarro-Aranburu bikotea Legazpiko Herri Txapelketako irabazle izandako Agirre-Potolo bikotearen kontra lehiatuko da.
Jarraian emakumezkoen pilota partida izango da; Espinar-Bergara bikotea Ruiz de Larramendi I.a-Ruiz de Larramendi II.a bikotearekin neurtuko da.
Azkena gizonezkoen partida izango da eta bertan Titin III.a-Gorrotxategi bikoteak Aritz Lasa-Urruzola bikotearen kontra jokatuko du.
Sarrerak zazpi euroan salduko dituzte 21:00etatik aurrera eta aurrez ere erosi daitezke Oilarra, Katilu eta Urbeltz tabernan bertan; ikasleentzat eta langabetuentzat sarrera bost eurokoa izango da. Iaz ere Zerkikoek pilota jaialdi bat antolatu zuten eta 250 ikusle izan ziren, oraingoan «gehiago espero» dituztela esan du Zerkiko Asier Auzmendik.
Udaberriko Saria
Bihar, Urbeltzen, 16:00etatik aurrera, Haurren Pilota Txapelketako ligaxka faseko partidak izango dira aurrebenjamin, benjamin eta kimuen kategorietan. Ondoren, 19:00etan hasita, Binakako Udaberri Sariko finaletan, bigarren mailako nagusietan, Iraeta-Ibarguren Legazpiko bikoteak jokatuko du.