Gure Esku Dagok antolatuta festa egingo dute Legorretan, bihar
Gure Esku Dago plataforma giza kate erraldoia antolatzen ari da ekainaren 10erako, hiru hiriburu lotuko dituena (Donostia, Bilbo eta Gasteiz). Hori lortu ahal izateko, herritarren laguntza ezinbestekoa izango da. Legorretari 160 herritar konprometitzea...
Giza kate erraldoiaren data gerturatzen ari da eta herritarrak ekimen honetan parte hartzera animatu eta giroa berotzen haste aldera, bihar, larunbata festa egingo dute Legorretan bertan.
Legorretako Gure Esku Dago-k ekintzaz beteriko arratsaldea antolatu du biharko. Tartean, herri kirolak ere izango dira. 17:30ean haurren txanda izango da. Jarraian, helduak ariko dira eta azkenik, Aratz Esnaola legorretarrak erakustaldia egingo du.
Herri kirolez gain, parrilada egingo dute eta txorizo, hirugihar eta saiheski pintxoak banatuko dituzte euro eta erdiren truke. Sagardoa eta ardoa ere banatuko dituzte.
Izen ematea zabalik
Gure Esku Dagok herritar guztiak deitzen ditu ekainaren 10eko giza katean parte hartzera. Horretarako, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da. Horregatik, informazio mahaia jarriko dute bihar, plazan bertan, eta giza katean parte hartzeko izena eman ahalko da.