Apirilak eman du berea eta agurtu da
Loreak eta baratzerako landare salmenta nagusi izan dira apirileko azken ferian; gazta postuan, erostekoaz gain, zer dastatua ere izan da sukaldari gazteen irudimenari esker.A zkenean baratzerako giroa. Hotzik ez, eska zitekeen eguraldi ederrik ere e...
Loreak eta baratzerako landare salmenta nagusi izan dira apirileko azken ferian; gazta postuan, erostekoaz gain, zer dastatua ere izan da sukaldari gazteen irudimenari esker.
A zkenean baratzerako giroa. Hotzik ez, eska zitekeen eguraldi ederrik ere ez, tristea aukeran, baina gehitxo berandutu baino lehen jendea lanerako prest. Udako loreak oraintxe puri-purian daude, eta astero luzatzen ari den zerrendari hauek gehitu zaizkie: surfinia (2,5 euro), kanpanula (4,5-8,5 euro), lobelia (1,5 euro), berbena (euro bat). Eta landare usaindunetan ere aukera polita: oreganoa, mendabelarra, izpilikua, albaka, limoiusai berbena… Barazkiei dagokienez, geroz eta ilar gehiago 12 euroan kiloa, baita baba ere (4-4,5 euro). Eta porru berria bitartekoa ekarri du Maria Jesus Oriak (1,20 euroan sorta). Segidan etorri ohi da porru mota hau, mehe eta fin, lehenbailehen jatekoa da, bestela igo egiten baita agudo; urtekoa izan artean ederki etortzen da, hortik datorkio izena ere.Leitzako produktuak
Plazara udaletxetik igo eta laster, Leitzako Lizarraga harakinak jarri ohi zuen postuari gazta egile batek eman dio segida Gorritz gaztarekin. Gotzone Sestorainek etxekoak ez ezik, Leitzako hainbat produktu ekartzeko ere baliatuko du, «gure baserrikoak noski, Gorritzkoak, eta Lizarraga berarenak ere bai. Gainera, beste baserritar batzuenak ere pentsatzen ari naiz, haiek gehiegi duten horretatik hemen eskaerarik balitz… denen mesedetan» adierazi zigun Gotzonek berak.
Gazta hilabeteari bukaera eman zitzaion atzo eta 12 hilabete 12 produktu kanpainaren barnean propio jarri ohi den postuaren ardura Berastegiko Joxe Inazio Ugartemendiak Gazpio gaztak izan zuen. Ordiziako Oiangu jatetxeko sukaldariak lagun izan zituen. Hauek, asteroko erosketak egitera etortzeaz gain, atzo lanean ere aritu ziren: gazta moussea fruitu gorrien gelearekin prestatu eta dastatzera eman zuten.
San Prudentzio astea denik ez da antzeman. Ziza askorik ez da oraindik, Lasaren postuan bakarrik, 70 kilo, 40-60 euro artean kiloa. Eta barraskilorik ez. Axun Etxeberria zaldibiarrak izan ohi ditu eta atzo ezta hark ere: «Eguraldirik ez du egin, ea Beasaingo festetarako biltzerik ba dudan».
Bestalde, arkumearen pre-zioak bere horretan segitzen du (3,15 euro kiloa, BEZa aparte). Latxaren salmentaz eta bilketaz arduratzen den Larsabi elkar-teak oraindik biltzen jarraitzen du, baina azken txanpan sartuta. Goiko larreetara joateko ohitura duten artzainak prestatzen hasiak dira. Aralarko larreen irekiera, berriz, ohiko legez maiatzaren 1ean egingo da eta Larraitzen egiten den festa ekitaldian Larsabikoek bertako arkume pintxoak eskainiko dituzte. Hemengo txekor eta moxal haragi pintxoak ere izango dira.