«Disko berria udazkenean aterako da, eta kantu horiek ere joko ditugu»
Larunbatean Lazkaon izango da Nogen. Berezia zuretzat?Bai. Donostian hainbeste aldiz jo dugu, eta Iruñean eta Bilbon ere jo eta gero, Lazkaon izatea niretzat izugarrizkoa da. Badirudi kontuan hartu dutela ni lazkaotarra izatea, eta han jotzeak ilusioa...
Bai. Donostian hainbeste aldiz jo dugu, eta Iruñean eta Bilbon ere jo eta gero, Lazkaon izatea niretzat izugarrizkoa da. Badirudi kontuan hartu dutela ni lazkaotarra izatea, eta han jotzeak ilusioa egingo didala.
Zaletuak badituzue.
Orain dela gutxi San Benito ikastolan egon ginen, LH 5 eta 6ko ikasleekin. Eta hor zale batzuk badauzkagula ikusi genuen.
Izaten ari zareten arrakasta barneratu duzue?
Oraindik harrituta gaude. Hain bat-batekoa izan da… Gaztea irratian Nora abestia jartzen hasi ziren, orain Gertu-rekin dabiltza gehiago. Egia esan, oraindik barneratzen ari gara.
Iaz atera zenuten ‘LYS’ diskoa, hiru abestirekin. Gehiago sortzen ari zarete?
Iazko udan atera genuen disko labur hori, eta horrekin aritu gara orain arte. Azken hilabeteetan disko luzea grabatzen aritu gara. Udazkenean aterako da.
Lazkaon entzuteko aukerarik?
Bai, kontzertuetan jotzen ditugu berriak. Bestela motz geldituko zen! Maketako hiru kantuak, hasieratik idatzita ditugunak baina inon grabatu gabeak beste batzuk, eta disko berrikoak ere joko ditugu Lazkaon.
Festazalea zara zu? Lazkao-koak gustatzen zaizkizu?
Asko gustatzen zaizkit, baina Medikuntza ikasten ari naizenez, azken urteetan beti azterketetan harrapatu nau garai honek, eta gozatzeko tarte txikia izan dut. Baina saiatzen naiz ordu batzuk ateratzen eta horiek lepo gozatzen.
Aurreko asteburuan izan zara?
Bai, oraingo honetan bai. Aurten praktiketan bakarrik gabiltza, eta denbora gehiago daukagu.
Mediku izateko ikasten, beraz?
Azkeneko mailan nago, 6.ean. Orain Donostiako Ospitalean ari naiz. Lehen hiru urteak Leioan egin nituen, eta azken hirurak egiteko Donostia aukeratu dut.