Bazkaria, Haztegiren 50. urteurrenaren gailurra
Larunbata egun seinalatua izango da Haztegi ikastolaren 50. urteurreneko ospakizunetan. Ikastola sortu zutenetik han hazi eta hezi diren 36 kintetako ikasleak bilduko dira bazkarira, baita 75 bat irakasle ohi eta jardunean ari direnak ere. Guztira 1.20...
Bazkaria Azokan eta kanpoan jarriko dituzten bi karpatan izango da. Ikastolako zuzendari Sagrario Etxaberen hitzetan, «gure festa herrigunera eraman, eta legazpiarrekin partekatu nahi genuen».
Kintaz kinta argazki bana aterako dute, 12:00etan hasita. Photocall moduko gunea ikastolako aretoan dauden eskaileretan jarriko dute. 1963-1964ko kurtsoko taldearekin hasi, eta bost minutuko tartearekin aterako dituzte kinta bakoitzaren argazkiak. Bukaeran, lehengo eta oraingo irakasleak elkartuko dituzte argazkia egiteko.
Bazkaria 14:00etan izango da, eta bazkalostean Tirapu DJak musika jarriko du, 16:30etik 19:30era. Orduan amaituko da ikastolak antolatutako egitaraua, baina seguruenik festak jarraitu egingo du.
Azken xehetasunak
Maria Imaz ikastolako irakaslea da, eta bertan ikasi zuen. Bazkaria antolatu duen lantaldean aritu da irailetik. «Guk libre utziko ditugu 19:30ean, hortik aurrera bakoitzak erabakiko du zer egin», dio. Bazkariaren antolaketan Imaz eta beste bost irakasle aritu dira, eta bi gurasoren laguntza ere izan dute.
«Lehenengo eta behin, kinta bakoitzeko ordezkari bana aukeratu genuen, eta haren bitartez taldeko kide guztiei abisatu diegu», dio Imazek. Whatsapp-eko taldeak eginda saretu dute hartu-emana: lantaldeak ordezkariei abisuak eman, eta haiek beste kide guztiei. «Oso pozik gaude jendeak emandako erantzunarekin. Gurasoek eta ordezkariek asko lagundu digute».
Bazkaria prestatuko duen enpresari elikadura intolerantziak edo begetarianoen zein beganoen berri eman behar diete, menua bazkaltiar guztiekin bat etor dadin.
Ondoren jantoki izango duten gunearen «krokisa» egingo dute. Mahaiak etzi zabalduko dituzte, eta kinta bakoitza non eseriko den zehaztuko dute.