Beteranoek ez dute ahazteko
Urolako eta Realeko beteranoek Musti Mujika zenaren oroimenezko partida jokatu dute Argixaon. Reala nagusitu da penaltietan. Maria Redondo abeslari legazpiarrak egin du ohorezko sakea.Joan Mari Musti Mujika futbol jokalaria zenaren XIV. Oroimenezkoa jo...
Urolako eta Realeko beteranoek Musti Mujika zenaren oroimenezko partida jokatu dute Argixaon. Reala nagusitu da penaltietan. Maria Redondo abeslari legazpiarrak egin du ohorezko sakea.
Joan Mari Musti Mujika futbol jokalaria zenaren XIV. Oroimenezkoa jokatu zen joan den larunbatean Argixao zelaian, Musti Taldeak antolatuta. Urolako eta Realeko beteranoek neurtu zituzten indarrak eguzkipean, eta bana bukatu zen norgehiagoka 30 minutuko bi zati jokatu zituzten. Penaltietan Reala nagusitu zen (3-2). Ohorea zuten jokoan bi taldeek, baina funtsa beste bat zen, Zumarragako jokalaria gogoan izatea.Elizondo, Garmendia, Mujika, Callejo, Damian, Agirre, Mundi, I. Ibarzabal, Tena, Aranzadi, Oscar, Amenabar, J.C. Ibarzabal, Esnal, Mesonero, Pitu, Mauleon eta Lopez aritu ziren Urolako beteranoen taldean, eta Realekoan, honakoak: Esnaola, Borja, Zabala, Fuentes, Dueñas, Oscar, Brit, Orbegozo, Irazoki, Jandro, Iturrino, Iñigo, Loinaz, Zudaire, Gorka, Zipi eta Elosegi.
Musti Mujika Realako lehen taldeko jokalaria izan zen 1985-1990 urteen artean 171 partida ofizial jokatu zituen, eta 16 gol sartu. A Coruñako Deportivon, Alavesen eta Malagako UD San Pedro taldean aritu zen gero. 1996an utzi zuen futbola. 2001ean, ordea, auto istripu larri bat izan zuen, eta hiru urte koma sakonean pasa eta gero, 41 urte zituela hil zen Zumarragako Ospitalean, 2004ko ekainean.
Ohorezko sakea, Redondok
Bago!az kantu lehiaketa irabazi duen Maria Redondo gazte legazpiarrak egin zuen ohorezko sakea, eta partidaren amaieran hainbat opari jaso zituen: oroigarri bat, bere izena daraman Realeko elastikoa eta Ata harategiak emandako produktu sorta. Rosario Izagirre Musti zenaren amari ere lore sorta oparitu zioten, eta Realeko ordezkariek 14 zenbakidun kamiseta. Urolakoek Eitzako Korta jatetxean bazkalduz borobildu zuten eguna.