Aldundia bere aurkako auzia artxibatu nahian ari dela salatu du Naturkonek
Naturkon plataforman elkartuta dauden Eguzki talde ekologistak eta Landarlan ingurumen taldeak salatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak bere aurkako auzibidea bertan behera uzteko eskatu diola Gipuzkoako Auzitegiari, Aralarko parke naturalean pista bat er...
Goroskintxuko txaboletaraino ibilgailuentzat pista bat ireki ondoren, talde ekologistek jarritako salaketa ontzat hartu, eta auzibidea hastea onartu zuen Gipuzkoako Auzitegiko Inguru- men Fiskaltzak. Aldundiko bi zuzendari, Arantxa Ariztimuño eta Felix Asensio, lurralde antolaketaren aurkako delitu batengatik inputatuta daude, eta bide penaletik ikertzen eta epaitzen ari dira.
Aralarko pisten obrak «legez kanpo» eginak direla berretsi dute Landarlanek eta Eguzkik, eta horren ardura penalaren «larritasuna ezkutatzen saiatu» nahi duela Gipuzkoako Foru Aldundiak. «Helburua du epaitegiaren eta gizartearen aurrean inongo zaratarik egin gabe igarotzea», deitoratu dute.
Ertzaintzaren txostena
Ertzaintzak egindako txosten teknikoak «argigarriak» direla ziurtatu dute taldeek. Goroskintxuko pistak ingurumen inpaktu «handiak» eragin dituela dio, iturri beraren arabera. Aralar, parke natural izateaz gain, Kontserbazio Bereziko Eremua eta Natura 2000 Sareko barruti babestua dela gogorarazi dute.
«Ingurumen justizia» indarrean izateko lanean segiko dutela gaineratu dute Landarlanek eta Eguzkik. «Askoz indar gehiagoz, jakinda prozesu penal honetan inputatu eta ikertzen ari direnak Gipuzkoako ingurumen agintari gorenak direla».
Bi taldeek helegite-idatzi bat aurkeztuko dute Gipuzkoako Auzitegian, «aldundiko bi hautetsi horiek bultzatutako prozesu judizialaren artxibaketa eskaeraren aurka».