«Motibazio handiarekin noa, iaz baino maila hobearekin nago»
Abuztuaren 3an eta 5ean, Italian jokatuko den munduko mendi lasterketen txapelketan parte hartuko du Irati Zubizarretak. Iaz lortutako munduko txapeldun titulua berreskuratzen saiatuko da.Granadatik (Andaluzia, Espainia), Sierra Nevadatik etorri berria...
Abuztuaren 3an eta 5ean, Italian jokatuko den munduko mendi lasterketen txapelketan parte hartuko du Irati Zubizarretak. Iaz lortutako munduko txapeldun titulua berreskuratzen saiatuko da.
Granadatik (Andaluzia, Espainia), Sierra Nevadatik etorri berria da Irati Zubizarreta (Beasain, 1998) korrikalaria, Espainiako selekzioarekin errendi- mendu altuko zentroan entrenatzen aritu ondoren. Datorren astean, Italiako Apeninoetan jokatuko den munduko mendi lasterketen txapelketan parte hartuko du, junior mailan; 3an, kilometro bertikalean (3,5 kilometro inguru) eta 5ean, mendi lasterketan (21-23 kilometro inguru). Gran Sasso (2.912 metro) mendiaren inguruan ariko dira korrika.Zein gorputzaldirekin iritsi zara aurtengo munduko txapelketara?
Egia esanda, iaz baino askoz ere hobeto nago aurten fisikoki. Denboraldi honetan oso ondo nago. Motibazio handiarekin noa, iaz oso ondo atera zitzaidan, eta iaz baino maila hobearekin nago. Ea zer moduz ateratzen diren gauzak.
Iaz, Andorran, kilometro bertikalean 3. a izan zinen eta mendi lasterketan, irabazlea.
Bai. Horrez gain, bi lasterketako batura egiten dute, konbinatua deitzen zaiona, eta hortik ateratzen da munduko txapelduna. Kasu horretan, ni izan nintzen txapelduna.
Aurten, faboritoen artean egongo zara. Presio gehiagoarekin joango zara?
Presioa agian eduki dezaket, baina ez kanpotik, nire buruari jartzen diodan presioa baizik. Berriz ere podiumera igotzeko gogoa daukat eta lortuko ez banu, frustrazioa izan daiteke. Baina dena emateko gogoa daukat, eta atera behar dena aterako da. Dena den, aurten nazionalitate gehiagotako korrikalariak etorriko dira, Txina eta Brasil adibidez, eta ez dakit zein mailatakoak izango diren. Maila geroz eta handiagoa dago. Ikusiko dugu, beraz. Ni dena ematera joango naiz.
Iaz munduko txapelketa irabazita, zer aldatu da?
Dezente gauza aldatu dira. Errazagoa bezala egin zait markan aldetik, motibatuago egon naizelako, edo nigan gehiago sinesten nuelako… Jendeak ere gehiago hartu nau kontuan eta horrek gauza asko errazten ditu. Bestela, nik berdina izaten jarraitzen dut.
Esate baterako, Espainiako selekzioarekin Granadan izan zara errendimendu altuko zentroan.
Sekulako oparia izan da niretzat Sierra Nevadara joatea. Hara profesionalak joaten dira. Gu liluratuta egon gara: Olinpiadak prestatzen ari diren kirolariak zeuden, Espainiako Vuelta prestatzen ari diren txirrindulariak… Oso-oso jende ona zegoen. Beraiek nola bizi diren ikusten duzu, eta inpresioa egiten du hor egoteak. Munduko onenekin bezala egon naiz, eta beraien bizitza eramaten. Oso polita izan da aukera hori edukitzea. Entrenatzeko gozada bat zen. Egunean hiru entrenamendu egin ditugu. Altueran entrenatzea gehiago kostatzen da.
Altuerara egokituko zinen orduan.
Egun batzuk gehiago beharko ditut. Abuztuaren 1ean joango gara eta 6an itzuliko gara. Eta abuztuaren 9an Mexikora joango naiz, Erasmusekin. La Sportiva Mexiko taldearekin sartuko naiz hango lasterketetan, eta trail zirkuituan sartuko naiz. Obligaziorik gabe noa, gogoarekin banago, parte hartuko dut.