Horrela geldituko da Erauskin plaza lanak amaitzean
Erauskin plaza oinezkoentzako gunea bihurtzeko lanak gaur hasi dira. Hasiera batean abuztuaren erdialdera ziren egitekoak, baina udalak eta lanak egingo dituen enpresak hala adostuta, aurreratu egin dute hasiera eguna. Obraren helburua Beasain erdigunean oinezkoei lehentasuna ematea da: “Nafarroa etorbidea eta Kale Nagusia lotuko ditu udalerriko ardatz nagusiena guztiz oinezkoentzako eginez”, diote udaletik. Hemendik aurrera, erdigune “seguru, atsegin eta irisgarriago bat” izango duela zin dagi Beasaingo Udalak.
Lanek diharduten bitartean, aldaketa txiki batzuk izango dira. Trafikoari dagokionez, Nafarroa etorbidera heltzeko sarbidea aldatu egingo da, eta Erauskin plaza inguruko garajeetara iristeko, ohiko norabidearen alderantzizkoa eginez, Barrendain plazatik sartu beharko da.
Asteroko azokak ere izango ditu aldaketa batzuk. Frontoiaren atzeko aldera pasako dira postuak, duela urtebete zeuden tokira. Abuztuaren zazpiko azokan nahasmenik egon ez dadin, udalak postuen hurrenkera lurrean margotuko du. Lanak amaitzean, berriz ere, azoka Erauskin plazara itzuliko da. Are gehiago, behin ingurua oinezkoentzako jartzean, inguruko merkataritza biziberritu egingo dela diote udaletik.
Lanek bost hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da. Altuna y Uria enpresa arduratuko da obrak egiteaz, eta 557.927,27 (+BEZ) euroko aurrekontua du.