Eguraldiak lagundu izan ez bada ere, jende asko ibili da Ordiziako kaleetan feria bereziaren aitzakian; gazta protagonista nagusia bada ere, barazkien aukera aparta izan da
Gure nekazariek asterokoari fin eusten diotelako aparteko bi- hurtzen da Euskal Jaietan oihartzun handiarekin egiten den hau. Saritua izaten da aurkezpena ere. Ahalegin berezia egiten dute produktuen berezko edertasuna aterarazteko. Aparteko oroimen gozoak argitara ateratzeko egun aproposa ere bada. Hala, Patxi Izagirrek landarez betetako saskien artean argazki eder bat jarria zuen, «duela 70 bat urtekoa da, gure amona da hau eta ama atzean ikusten dena, bezero hauetako batzuk bere burua ezagutuko duten esperantza badut», zioen goizean goiz.
Ofizialki aipamen berezia jaso zutenak hauek dira: Patxi Arizmendi Iturriozko aramarra, Gabiriako Beheko Etxeko Anttoni Murdiondoren postua atzo alaba Josune Agirreren ardurapean, Ibarrako Monteseneko Izagirre-Iparragirrerena eta Baliarraingo Irabiazpiko Edurne Jauregirena.
Sariak mugatuak izan arren, dotoretasunak hedadura handiagoa hartu zuen, Zaldibiako Usurburuko Axun Etxeberriak saski eta guzti pertxen-pertxen apaindua zuen mahaia eta honi bizkarra emanez jarritako Aldaba eta Beizama barazki ekologikoen postua, berriz, propio egindako marrazki eta guzti.
Apartekotasun gehiago
Apartekotasunekin segiz, sagar pare batek aipamena merezi dute: Errezilgo Jose Antonio Aizpuruk aurkeztutako Jumbo sagar handiak, eta Baliarraingo Edurnek ekarritako sagar txikiak, «sagar mina, likoreak egiteko erabili ohi da», baita Txomin Lasa Bikuñari entzun diogun moduan, «sagar makatxa, hau da, hemengo sagar guztien jatorrikoa; hau izan da nahi zen sagarrarekin txertatu ohi zena, lortu nahi zen hura izateko».
Eztizaleontzat berri ona, Jon Etxeberria erlezaina etortzen hasi da; atzoko egunez hastearena ia usadio bilakatzen ari da.